argia.eus
INPRIMATU
Huerta de Peraltako grebalarien aldeko “Elkartasun Egunak” 35 gizarte eragileren babesa jaso du
  • Urtarrilaren 11n, ostiralarekin, Elkartasun Eguna izango da Iruñean Huerta de Peraltan greban dauden langileen borroka babesteko. Iruñerriko 35 eragilek sostengua eman dio ekimenari eta egun horretako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 10
35 gizarte eragilek eman die sostengua Huerta de Peraltako langileei (arg.: LAB)

Manifestua sinatu duten eragileen artean daude LAB, ESK, EHNE, Steilas, Hiru eta CGT sindikatuak, hala nola Iruñerriko eta Nafarroako hainbat gazte mugimendu, pentsiodunen eta langabetuen plataformak, Bilgune Feminista edota SOS arrazakeria eta antzeko elkarteak. Azkoiengo enpresako langileen aldarrikapenekin bat egin dute sinatzaileek, eta azaldu dutenez gatazka hori “Nafarroan bizirauten duen arazo larri baten adierazle” da.

Eragile horien ustez landa eremuan aldizka zien urte osoan aritzen diren langileak “esplotatzen” dituzte: “Ez da beharrezkoa Almeriaraino joatea, gutxi batzuen  etekinak potoltzearren, zaurgarritasun egoeran diren pertsona migranteekiko abusu patronalak ikusteko”, diote.

Nafarroako instituzio publikoei eskatu diete gatazkan esku hartzeko, langile eta enpresaren artean “benetako negoziazio bat” eman dadin, eta nekazari zein herritarrei dei egin diete urtarrilaren 11n Iruñeko Sarasate Pasealekuan egingo den Elkartasun Egunera joateko. Besteak beste, Nafarroako Parlamentu aurrean burrunba egingo dute, hitzaldiak eta mikro irekia ere izango dira eta bazkari euskal-arabiarra antolatu du LAB sindikatuak.

Huerta de Peraltako langileak abenduaren 26tik daude greban; enpresako zuzendaritzak kaleratutako langileak berronartzea, lurralde hitzarmenaren arabera langileei zor dieten dirua kitatzea eta enpresa itun baterako negoziazioa hastea aldarrikatzen dute.