argia.eus
INPRIMATU
Huerta de Peraltako Abdenabi langile grebalariak espetxea eta kanporatzea saihestu ditu
  • Fiskaltzak espetxe zigorra eta kanporatzea eskatzen zuen Abdenabi nafarrarentzat. Defentsak akordioa egin du fiskaltzarekin. Bere aldeko plataformak “poza” agertu du espetxea eta kanporatzea ekiditeagatik, eta “sumindura” akordioa migratzaileen aurkako “mehatxu jarraieran” ondorioa delako. “Abdenabik akordioa onartu behar izan du inoiz gertatu ez zen eraso batengatik, sinpleki, bestela kanporatua izango zelako”, adierazi dute bere aldeko kolektiboek.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 11
Asteartean eman dute prentsaurrekoa Abdenabi babesteko saretutako kolektiboek. Argazkia: @LABnafarroa.

Nafarroako Huerta de Peralta enpresan langileek burututako greba luzeak langileen lan-baldintzen hobetze esanguratsuak lortu zituen. Grebalarien aurkako errepresioa ekarri zuen ere. Kasurik sonatuena Abdenabirena izan zen. Foruzaingoak agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zion, eta fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta bost urtez herrialdetik kanporatzea eskatu zuen harentzat.

Abdenabiren aldeko babes kanpaina sustatu duten kolektiboek prentsaurrekoan jakinarazi dute langilearen defentsak akordioa egin duela fiskaltzarekin. Zigorra beheratu zaio Abdenabiri, urte beteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa ezarrita, eta espetxea eta kanporatzea saihestu ditu horrela. Abdenabiren askatasuna migratzaileek piztutako “erresistentziaren eta elkartasunaren” lorpena direla adierazi dute, Nafarroako herri mugimenduetara hedatu den uhina.

Poza eta sumindura

“Adierazten dugun pozak ezin du ezkutatu gure sumindura. Jakin badakigulako erdietsitako akordioa polizia indarrek eta instituzioek migratutako pertsonen aurka egiten duten mehatxu jarraiaren fruitua baino ez dela”, azaldu dute. “Abdenabik akordioa onartu behar izan du inoiz gertatu ez zen eraso batengatik, sinpleki, bestela kanporatua izango zelako”.

Instituzioen, poliziaren eta epaitegien “arrazakeria” salatu dute prentsaurrekoan, “migrazioaren kriminalizazioa ekartzen duena”. Abdenabirena ez dela kasu isolatua nabarmendu dute, azkenik: “Egoera oso orokortua da Nafarroako laborantzan. Sistemak migratutako pertsonei ezartzen dien zaurgarritasun egoeraz baliatuz etekinak ateratzen dituen egitura instituzional eta enpresarial oso bat dago”. Egoera horien aurka borrokan elkarrekin jarraitzeko asmoa agertu dute, azkenik.