LAB sindikatuak salatu duenez, ostegun honetan Huerta de Peraltako langileek enpresaren sarreran egin behar zuten mobilizazioa honek langile bati enplegua eta soldata aldi baterako eten dizkiolako. Nafarroako Espainiako Gobernuko ordezkaritzak, ordea, bilkura debekatu du alarma egoera aintzat hartuta.
Gobernu Ordezkaritzaren esanetan bilkurak koronabirusari lotutako osasun ondorioak izan ditzake eta horregatik debekatu egin du, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, debekurako argudioetan osasun ondorioak balioetsi dira “ez bakarrik manifestatzaileei, baita haiekin istripuz harremana izan dezaketen pertsonei ere eragin diezaieketenak, eta ez da segurua parte-hartzaileen artean kutsadurarik ez gertatzea, gero haien adiskidetasun-, lanbide- eta familiartekoen artean zabaldu ahal izateko; horrela, osasun-krisia areagotu eginen da, segurtasun-neurriak hartuagatik ere".
LAB sindikatuaren esanetan, argudioak ez du zentzurik, langile horiek egun osoa pasatzen dutelako elkarrekin lanean baratzeetan. Horrez gain, nagusien jarrera salatu dute: "Huerta de Peraltako langileek, gainera, funtsezko lana egiten dute egoera larri eta berezi horretan, gure elikadura baratzeetako produktuekin bermatzeko. Baina Huerta de Peralta enpresa, ordea, ez dago prest bere partea betetzeko, eta pandemia eta konfinamendu garaietan, langileen kontrako bere gurutzadarekin jarraitzen du, zehapenak ezarriz eta kaleratze mehatxuak eginez".
Langileak lanera joateko estutzen ari direla dio sindikatuak, baina enpresekiko tratua oso bestelakoa dela: "Atzo jakin genuen Nafarroako Gobernuak emandako datua: enpresa bakar batek ere ez du jaso Covid-19rekin zerikusia duten segurtasun neurririk ez izateagatik jarduera geldiarazteko proposamen edo zehapen bakar bat ere. Sinestezina da, neurri horiek betetzeko materialik ez dagoenean, ez ospitaleetan, ez zahar egoitzetan. Eta frogatzen du gobernua ez dela lanean ari gure osasuna bermatzeko".
Sindikatuak ondorioztatzen du debeku hori bi modutan bakarrik uler daiteela: "Edo neurri erabat bidegabea, arbitrarioa eta autoritarioa da; edo, bertzenaz, neurri horren gainean oinarritu beharko litzateke Nafarroan funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea".
Agiri osoa hemen irakur daiteke