argia.eus
INPRIMATU
Huelvako marrubi soroetako langileek jasaten duten indarkeria matxista azalera
  • Marrubien ustiapenean lan egiten duten emakumeak egunerokotasunean jazarriak, irainduak eta bortxatuak direla jakinarazi du Collectiv aldizkari alemaniarrak.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 14a
Marrubien ustiapenera dedikatzen den emakume marokoarra (Stefania Prandi)

Huelvako (Andaluzia) marrubi ustiapen landetan lan egiten duten emakumeen inguruan RTL Nachtjournal eta BuzzFeed News-ek burututako ikerketa lana apirilaren 30ean eman dute argitara Collectiv aldizkarian. Bertan Palos de la Fronteran lan egiten duen Kalimaren istoria pertsonalean zentratzen dira marrubien ustiapenera dedikatzen diren landa eremuetako langileen egoera erdigunera ekartzeko. Gehiengoa emakume marokoarrak dira, eta indarkeria matxista pairatzen dute sistematikoki. Astinduak, irainak, xantaiak eta bortxaketak jasan izana aitortu dute dozenaka emakumek plazaratu berri duten lanean.

Europako masarentzat janari merkea ekoizteko ezinbestekoa den esklabo lanaren inguruan ARGIAk kaleratutako artikuluan azaltzen zen modura, denboraldiz kanpoko “marrubiok haztearen inguruan nekazaritza eredu oso teknifikatua antolatu da, esportaziorako prestatua, produkzio koste handikoa: pestizida, ongarri kimiko, negutegien plastiko eta beste azpiegitura, landare emankorren patente... eta oso lotuta dago saltoki handien banaketa kate erraldoiei”. Eredu honek berarekin dakar eskulan merke handi baten beharra, eta bizi duten prekarietate egoerak bultzatutako emakume marokoarrek betetzen dute orokorrean behar hori. 2007an marrubiaren patronalak, Espainiako Enplegu Agentziak eta Marokoko agintariek sinatutako tratuak sasoia amaitutakoan emakume hauek beraien herrialdera itzuliko direlako bermeaz gainera.

Argitara emandako salaketok indartzen dituen beste faktore baten berri ere eman dute: Palos de la Fronteran burutzen diren abortuen zenbateko altua. “Abortatzea eskatzen duten emakumeen gehiengoak emakume migratuak dira” azaltzen dute aldizkari alemaniarrean kaleratutako ikerketan. Osasun zentroko langile batek ikertzaileei adierazitakoaren arabera, Palos de la Frontera eta ondoko hiria den Moguer-en 185 abortu zenbatu ziren 2016an, %90a landetan jarduten zuten emakume migratuak.

Andaluziako Langileen Sindikatua (SAT) da gaiari heldu dion sindikatu bakarra, eta Huelvan bi ordezkari besterik ez ditu. Hauek azaldutakoaren arabera, marrubien ustiapen landetan ematen diren indarkerien aurrean emakumeek bizi duten inpotentzia sentipena izugarria da. “Esklabu lana” bezala jotzen du Andaluziako nekazaritza lana, eta salatzen dute  “instituzioek, poliziak zein lan-ikuskatzaileek beste alde batera begiratzen dutela”.

Via Campesina mugimenduak GRAIN erakunde altermundistarekin plazaratutako agerkariko editorialean azaldutakoaren arabera, zapalkuntzak ezberdinak izan ohi dira berauek pairatzen dituzten norbanakoen genero edo jatorriaren arabera, eta hauek munduaren iparraldean eta hegoaldean ezberdin ageri badira ere “migrazioa eta globalizazioa medio” iparraldeak hegoaldean eta hegoaldeak iparraldean aurkitu ditzakegu gaur egun. Huelvako marrubien ustiapen landetan emakumeek bizi duten egoera horren adierazle argia.