argia.eus
INPRIMATU
Huelvako emakume marokoar laborariek pairatzen dituzten abusuak salatuko dituzte igandean Bilbon
  • Bidaya emakume musulmanen elkarteak Almonteko (Andaluzia) soroetan lan egiten duten emakume marokoarrek pairatzen dituzten lan eta sexu abusuak salatu ditu komunikatu bidez, eta mobilizaziora deitu.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 15
Abusuak salatu dituzten emakumeak Espainitatik kanporatu dituzte (Argazkia: Marcos Moreno)

Elkarteak adierazi du “emakume, etorkin eta txiro izateagatik” zapalkuntza hirukoitza pairatzen dutela, eta horrek “zaurgarri eta ikusezin” egiten dituela eraso matxisten aurrean ozen erantzutea eragotziz. Eta gaineratu du, egoera salatu izan dutenean beraien lanpostuetatik ez ezik, Espainiako Estatutik ere kanporatu egin dituztela.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak bat egin du Bidayak elkartearen deialdiarekin. “Iparraldeko estatu eta industriak salatzen ditugu, estruktura kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista eta arrazista honen parte direnak, baina konkretuki, elikagaien industria gaitzetsi nahi dugu, hegoaldeko emakumeen esplotazioan oinarritzen baitu bere ekoizpena”, adierazi du.

Elkarretaratzea igandean, ekainak 17, egingo da. 18:30etan Bilboko Arriaga plazan.

Marrubi soroetako langileen egoera

Apirilaren 30ean Collectiv aldizkaria alemaniarrak argitara atera zuen Huelvako marrubien ustiapenera dedikatzen diren landa eremuetako emakume langileen egoera. Gehiengoa emakume marokoarrak direla eta indarkeria matxista sistematikoki pairatzen dutela azaleratu zuten.

Ekaina hasieran, ostera, SAT Sindikatuak salatu zuenez, lan baldintza txarrengatik salaketa jarri zuten emakume hauetako zenbaitek. Salaketa jarri eta denbora motzera, beraien kontratuak amaitzeko astebeteren faltan, Doñana1998 enpresako sasoikako langileak autobusetara igotzera ‘gonbidatu’ zituzten, Marokora berriz bueltan eramateko. Sindikatuaren arabera, emakume hauek jarritako salaketa berrestea eragozteko helburua zegoen gertakariaren atzean.