Huangmei herrian dagoen mugako zubian istilu larriak izan dira, ondoko probintzietako bizilagunek eragotzi nahi baitute Hubeikoak handik ateratzea. Bi hilabetez erabat itxita egon da Hubei probintzia, eta orain Txina osoan ibili daitezkeen arren, pandemiaren estigmak jazarturik daude.
Txinan dagoen Zigor Aldama kazetariak idatzi du Hubeiko mugetan gertaturikoaz. Covid-19aren epidemia hasi zenetik, Huangmei herrian dagoen zubia itxita egon da alde banatan jarritako hesiekin. Baina behin gaixotasuna kontrolapean, agintariek hesiak kendu dituzte, probintzia horretako kideek herrialde osoan baitaukate eskubidea ibiltzeko. Aitzitik, ondoko herrietako bizilagunek ez dituzte ikusi ere egin nahi eta berriz ere barrikadak jartzen saiatu dira Hubeitik ez dezaten "ihes" egin Jiangxi probintziara.
Herritarren eta poliziaren artean borroka gogorra gertatu da zubi horretan, irudiotan ikus daitekeen bezala:
Hubei probintziako herritarrak estigmatizaturik eta jazarturik daudela azaldu du Aldamak. 60 milioi biztanleko probintzia izan da epidemiaren epizentroa, eta oraindik bere hiriburua Wuhan erabat itxita dagoen arren, probintziako gainerako tokietan pixkanaka segurtasun neurriak arintzen ari dira txinatar agintariak.
Baina Txinako beste tokietan ez dituzte hubeitarrak ametitzen, euren jatorriagatik lanetik kaleratuak izan direnak ere badira. Diskriminazio hori kanpotarrekiko ere badago orain, Txinak bere mugak itxi ditu eta hoteletan jadanik ez dira atzerritarrak onartzen. Aldamari espainiar enpresari batek azaldu dionez, saltoki handietatik ere kanporatuak izaten ari dira eta irainak jasotzen dituzte: "Bistan da alde egitea nahi dutela".
Hortaz, hasieran koronabirusagatik Europan bizi diren txinatarrek jasandako diskriminazio eta jazarpen bera ari dira jasaten orain Txinan europarrak.