Nahi diren gardetasun legeak izango dituzte gobernuek, baina sarri jokatzen dute ulertezin, baita oso argiak izan beharko luketen gaietan ere. Felix Huarte Nafarroako enpresari franskistarena da horietako bat.
Gertaeren sekuentzia horrelakoa da: 2014an Yolanda Barcinaren gobernuak Urrezko domina eman zien Felix Huarteri eta José Javier Urmenetari, oposizio osoa aurka egonda. Huartek lehendik ere bazuen Espainiako Gobernuak 1964an emandako Lanaren Merituaren domina. Orain, aldiz, Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege berriaren karietara, Espainiako Gobernuak kendu egin dio domina hori. Nafarroako Gobernuak ez. Eta ika-mika mataza bihurtu da, modu ulergaitzean.
Elma Saiz Gobernu eledunak azaldu zuen Uxue Barkosen Gobernuak 2016an eskatu ziola Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) egin zezala zerrenda bat frankismoarekin lotura zuten sinbolo eta pertsonekin, baina zerrenda horretatik behin-behineko beste bat atera zutela eta hori erabili duela egungo gobernuak, eta horretan ez zeuden ez Huarte ez Urmeneta. Honako gobernu akordioan zehazten dira horiek, eta zerrendak ere aipatzen dira, bai tokiena, bai pertsonena. Eta argi ikusten da hor ez daudela Huarte eta Urmeneta.
Baina akordio horretan bai zehazten da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritzari eskatzen zaiola “berretsitako zentsua eguneratua egon dadila”. Martin Zabalza da gaur egun zuzendaritza horren zuzendaria, eta esan duenez, kontsentsu handia behar da halakoak egiteko, baina hark ere ez du argitu zerrenden afera zertan den. Saizek gehitu zuen ere Felix Huarteri kendu dion dominaren txostena bidaltzeko eskatu diola Espainiako Lan Ministerioari, baina ez zaiola iritsi oraindik.
Gobernu hartako lehendakari Uxue Barkosek aste honetan hitz egin du gaiaz, eta esan du gobernuak ez zuela inor kendu zerrendetatik, baina behin-behineko zerrenda bat egin zela lanari ekiteko”. Gehiago zehaztu gabe, azpimarratu du Geroa Baik frankismoarekin kolaboratutako pertsonekiko legea betetzea sostengatuko duela.
Hilaren 11n, halaber, Nafarroako Legebiltzarrak onartu zuen adierazpen bat zeinaren arabera eskatzen dion foru gobernuari ahalik eta lasterren egin dezala Nafarroako erakundeek frankismoarekin elkarlanean aritu zirenei emandako dominak edo egindako aitortzen berrazterketa. Legebiltzarraren agindua beteko duela esan zuen Elma Saizek, baina argitu gabe Felix Huarte eta Jose Javier Urmenetari 2001eko domina kenduko zaizkien ala ez.
Edozein kasutan, ulergaitza da nola 2014an Huarteri eta Urmenetari domina ematearen aurka egon ziren bi indar –PSN eta Geroa Bai–, orain gobernuan egon eta ez diren gai hori bideratzeko, gainera legebiltzarrak horretara bultzatzen dituenean, eta Lan Ministerioak horixe bera egin duenean. Horrez gain, orain arte herritarrari ez diote txukun azaldu zergatik kendu ziren hainbat izen NUPek egindako zerrendatik –edo ez ziren behien-behineko zerrendan sartu, Barkosek dioen gisan–. Gertatutakoa azalduta akaso uler liteke, bestela ez; eta gizarteak merezi du jakitea, areago horren gai sentiberetan.