Jaione Karrera euskal presoen abokatuak azaldu duenez, Xabier Sagardoi Barañaingo presoari hirugarren gradua eman diote eta Iruñeko espetxean da. Sagardoi apirilaren 6an libre geratuko da, 2013tik preso egon ondoren.
2018ko apirilean ere Soriako espetxean asteburu bat kalera ateratzeko baimena eman zioten Sagardoiri, lehenago bigarren gradua eskuratu ondoren. Hori da orain EPPK-ko presoak egiten ari diren bidea, gehienak espetxeko lehen graduan dituzte, espetxe sisteman dagoen gogorrena. Espainiako Espetxe erakundeek eskaintzen dituzten espetxe onurak izateko ezinbestekoa da bigarren gradua izatea. Honekin asteburuetan kaleratzeko baimenak lor daitezke, espetxeko zuzendaritza batzordeak egoki ikusten badu. Hirugarren graduarekin, besteak beste, presoak eguna kalean eta gaua espetxean pasa dezake.
Gaur egun EPPK-ko presoek bigarren gradura igarotzeko baimenak eskatuta dituzte, baina orain arte gehienei ukatu egin zaie eskubide hori. EPPK-ko 211 preso dira Espainiako espetxeetan eta horietatik 34kri eman diete bigarren gradua, 14ri iaz eta 20ri aurten.Xabier Sagardoi Segiko kide zen eta Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra ezarri zion kale erasoak egotzita. Behin-behineko askatasunean zegoela ihes egin zuen eta 2013ko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Nafarroako Sorlada herrian.
Jaione Karreraren bideoa Sare elkarteak eman du ezagutzera bere Twitter kontua medio.