"Guk bota dugu indar dena herriko hauteskunde hauetan. Dinamika ederra egon da herriko abertzaleen giro borobilean. Baina emaitzek utziko gaituzte %20aren itzuli hortan. Baserri munduaren inertziaren legez".
"Den gehienek ezagutzen gaituzte herri huntako familia zaharrek. Den gehienak ezagutzen ditugu herri zahar huntako aspaldiko emazte eta gizonak. Hastiatzen gaituzte edo estimatzen gaituzte, noiz nola, beste herritar gehienak bezala.
Baina abertzalea da bere euskaltasuna asumitzen eta gozatzen duena, herri asmo egiteraino euskaldungo hori beretzat, eta bestentzat.
Gure herritar askok zama bat bezala daramate beren nortasuna, ezin aitortuz beren buruari harrotasun baino ahalge gehiago dakartela euskaldun izateaz. Koxka handiegia guri fidatzeko, oraino eta beti goizegi".
Herriko bozka bezperan igorri diot mezu hori gipuzkoako lagun bati. Hasi nitzako erantzuten telefona ardi zahar baten bizkarrean ezarririk, eta berak jin dira hitz horiek.
Herritar andana batekin egon gira mintzatzen beren etxetan, atez ate ibili baikira bozkaldiaren estakuruan. Bazinakite zer nolako hurbiltasuna senditzen den bakotxak gogoan duena kondatzerat uzten delarik, atzoko eta herenegungo kontuak harek, oraingo buruhauste eta eneguak hunek. Solas gehienak euskaraz, euskalkirik xorrotxenean aldiz, beharria xut eta erne atxiki behar delarik.
Etxeko bidean ginaudelarik gero, gogoan darabilzkitzu batzu eta bestekin egin solasak, eta iduritu zaigu erdi ahaide baino gehiago bagina bezala gozatu dugula elgarrekin. Eta bizkitartean badakigu haien gehienen bozkarik ez dugula eskuratuko.
Zama bat bezala daramate haiek beren euskaltasuna. Hortarat behartu ditu hainbeste urtetako menpekotasunak eta mespretxuak. Gerla maltzur luze eta ilun baten biktimak balira bezala, lotsaz eta etsiz bihotz gogoetan daukaten altxorra ukatuz.
Eta zer nolako hozka abertzalekin, etorkizuna eta modernitatea gure hizkuntzan, gure lurrean eta gure herri zaharrean oinarritzen eta eraikitzen ahal direla sinesten eta adierazten dugunekin.
[Mikel Hiribarren laborari, sindikalista eta ARGIAren kolaboratzailea aspalditik, hautagai abertzale aurkeztu da Lapurdiko Itsasun. Hiribarren buru zeraman zerrendak igandean ez zuen lortu %20 berak bezperan ezkor espero zuen moduan: aurreikuspen hori ia bi halakotu zuten, botoen %34,4 bildu zuen.]