argia.eus
INPRIMATU
Hotel Occidentaleko langileen borroka: 2 eurotan ezin da logelarik garbitu
  • Greba mugagabean zeuden Bilboko hoteleko garbitzaileek jabe berriarekin akordioa lortu dute eta euren lanpostuei eta lan-baldintzei eutsi ahal izango diete. Sektoreak azpikontratazioaren baldintza prekarioak jasaten ditu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko martxoaren 31

Pasa den abenduaren 29an Bilboko hotel esanguratsuenetako bat, Begoñako basilika ondoan dagoen Hotel Occidental, Barceló katearen eskuetan erori zen berriro. Azpikontrataturiko Samsic Iberia enpresarentzat lanean ari diren bederatzi garbitzaileetatik zazpik, euren lanpostuak arriskuan zituztela ikusita –kontratua martxoaren 31n amaitzen zen– grebari ekin zioten martxoaren 20an ELA sindikatuaren babesarekin.

Astebeteko borrokaren ondoren akordioa lortu dute enpresarekin eta emakume langileek euren lanpostuei eutsi ahal izango diete; orain arte zituzten lan-baldintzak ere bermatuta izango dituzte.

Barcelók subrogazioa ukatu nahi zien langileoi eta lurraldeko hitzarmenaren ordez estatu mailakoa ezarri, baldintza oso kaskarrekin: lanbide arteko gutxieneko soldatara ere iristen ez den ordainsaria eta logela 2 eurotan garbitzeko presioa, besteak beste.

Ez da kasu bakarra. Barcelók Bilbon duen beste hotelean Constant garbiketa enpresa ari da eta honen jabeekin lan-gatazka gogorra izan dute NH Villa de Bilbaon ari diren garbitzaileek, antzeko egoera jasaten ari baitziren.

ELAko Zerbitzuen arduradun Iñaki Olidenen ustez “Constant, Acciona, Samsic eta zerbitzuak eskaintzen dituzten antzeko beste enpresak benetako lakra soziala dira, prekaritate eta esplotazioa hedatzen dute jartzen diren tokian”.

Outsourcing-aren ondorioak

Zerbitzuen azpikontratazio eta outsourcing-aren ondorioak jasan ditu hoteletako garbitzaileen edo logeletako kamareren sektoreak: soldata oso baxuak, logelako ordainsari penagarriak, segurtasun planen eta gaixotasun laboralen prebentzio falta, ikusezintasuna...

Hain justu euren egoeraren berri eman eta antolatzeko sortu da Las Kelly elkartea; Espainiako Estatuan emakume garbitzaileek daramaten borroken katalizatzaile bihurtu da eta elkartasun eta babes osoa erakutsi die Hotel Occidentaleko langileei.

Begoñako hoteleko garbitzaileen grebak iraun bitartean, Barceló saiatu da eragina gutxitzen, haien lana ordezkatzeko langileak kontratatuz, baina lan-ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri dio, ELAren esanetan. Konpainia ataka estuan geratu da eta azken egunotan negoziaziotan aritu dira; ostiralean goizean itxi dute akordioa.