Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.
Bilboko Campo Volantin Pasealekuko 37an dagoen Olabarri Jauregia Bericato S.L. enpresari esleitu dio Bilboko Portuko Agintaritzak. Enpresa nafarrak Luze hotel-katearekin loturak ditu, eta 1894ko eraikin ezaguna luxuzko hotel bilakatzeko asmoa du. Bilboko garai hartako arkitekturaren gordailu, 1953an erosi zuen eraikina Bilboko Portuko Obra Batzordeak, egoitza gisa erabiltzeko, eta handitze lanak egin zituen 1957tik aurrera; jauregiaren azalerari Uriortu 35 zenbakiko eraikina ere atxiki zitzaion horrela.
Luxuzko hotel-katea
2023ko ekainean irten zen lehenengoz enkante publikora jauregia. Lehenengo salmenta horretan, ordea, ez zen saldu, nahiz eta interes handia piztu izan. Lehiaketaren ondoren, kontratua zuzenean esleitzeko aukera eman zen eta, hala, 10.470.798 eurotan (BEZik gabe) erosi zuen Olabarri Jauregia Bericato enpresak. Enpresa nafarrak Luze katearekin lotura estua du, izan ere Iruñeako Luze Toro, Castejongo Luze El Villa eta Madrilgo Luze Castellana hotelak elkarrekin kudeatzen dituzte.
Babestutako ondarea
Eraikinaren ondare arkitektonikoari dagokionez, jauregiaren berritze- eta egokitze-lan guztiek haren ondare eta arkitektura-babesak errespetatu beharko dituzte, interes arkitektoniko eta historikoa duten elementu guztiak babestuta baitaude. Badira, hala ere, erabilera berriaren aurkako iritziak; Uribarri Prest! plataforma sozialak mobilizaziora dei egin du gaur, ostirala, eraikinaren erabilera publikoa galdu eta enpresa pribatu bati saldu izana gaitzesteko. Plataformak sare sozialen bidez zabaldutako deialdian azaldu dutenez, erabilera berriak ez die aurre egiten auzoko beharrei: “Nagusientzako zaintza gune publikoak, gazteentzako espazioak, auzokideentzako espazio komunitarioak, haur eskolak... Asko dira auzo honen beharrak”. Udalaren jokabidea gogor salatu dute.
Manifestazio deialdia
Traukoko oinezkoen gunetik Olabarri Jauregira egingo dute manifestazioa gaur, ostiralean, 18:30etatik aurrera.