argia.eus
INPRIMATU
Hotel bat eragozteko Donostiako Parte Zaharrean okupatu zuten eraikina hustu dute
  • Donostiako Parte Zaharrean okupatuta zegoen etxe bat hustu dute asteazken goizean. Goizeko 6:50ean sartu da polizia Santa Maria eliza parean dagoen eraikinera.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 25
Ertzainak Donostiako Parte Zaharrean (argazkia: Hotel + ez).

Eraikinean bizi diren pertsonak kanporatu ostean, identifikatu egin dituzte eta bost minutu eman dizkiete barruan zeuzkaten gauzak jasotzeko, Irutxuloko Hitzako Iñaki Agirre kazetariak Twitter bidez informatu duenez.

Ertzaintzak eraikina inguratu du, bertara hurbiltzea eragozteko.

Hotel + ez plataformak manifestazioa deitu du 20:00etan Parte Zaharreko Plaza Berritik (ofizialki Konstituzio Plaza gisa ezagutzen den enparantza).

Hotel berri baten arriskua

Izan ere, eraikina okupatzearen helburuetako bat bertan eraiki nahi duten hotela geldiaraztea izan da. 2017ko urrian ARGIAn informatu genuenez, lau izarreko hotel berria eraikitzeko asmoa dute jabeek Kale Nagusiak eta Abuztuaren 31 kaleak bat egiten duten kantoian.

Iazko ekainean sartu ziren bertan bizitzera asteazken honetan kanporatu dituzten lagunak eta eraikina oso egoera txarrean aurkitu zuten. 1998. urteko egutegi bat zegoen horma batean zintzilik eta horrek erakusten zuen eraikina noiztik zegoen erabili gabe.

Okupazioa egin zenean nabarmendu zutenez, eraikin osoaren jabe egin arte, pertsona gutxi batzuek bota egin dituzte edifizioko beste bizilagunak, okupatzaileek “mobbing” gisa deskribatu zituzten praktiken bidez.