argia.eus
INPRIMATU
“Albako dukeak horrenbeste lur eta hil denean bi metrorekin nahikoa izan du”
Diego CaƱamero 2014ko azaroaren 21

Lur hauetan lan bat daukagu egiteko. PSOEren gobernuarekin 30 urtetik gora egin ostean, egitura arkaiko batekin jarraitzen dugu. %2aren eskuetan dago Andaluziako lurren %50. Albaren Etxeak hamaika kortijo dauzka (zazpi Sevillan eta lau Kordoban). 3 milioi euro jasotzen ditu Laborantzarako Politika Komunitariotik (PAC gaztelaniaz), Albaren etxera eta gainontzeko lurjabeen etxeetara doan dirua da, ohiko gastuak bailiran. Ez dauka inongo zentzurik. Ez diete lanposturik eskatzen, ezta nekazal produktuen eraldaketarik ere, ezta medioari errespeturik ere. Ezer ere ez. Ez du inolako hitzarmenik betetzen langileekin, ez baitago kontraturik. Egun Andaluzian, oraindik landa eremuan egiten diren kontratuak ahozkoak dira.

Edozein pertsonaren heriotza sentitzen dugu, baina Albaren Etxeak, lur-jabeen kastak eta aristokraziak daukate lur honen azpigarapenaren erruaren parte bat. 500.000 jornalari daude langabezian, ez lan eta ez lur, laborantza laguntzatik miseria bat kobratuz –%40ak kobra dezake bakarrik gainera–. Atzerapen ekonomiko eta soziala pairatzen ari gara. Esku lan merkea daukagu eta beste leku batzuetara garraiatzen den lehen gaia ere bai. Hori izan zen iparraldeko burgesiaren eta Andaluziako burgesia lur-jabearen arteko akordio historikoa. Eta 60ko hamarkadan lurra teknifikatu zenean, iraultza berdea gisa ezagutu zen horretan, bi milioi pertsonak Andaluziatik alde egin behar izan zuten.

Gobernuak izan dira egoera honi eutsi diotenak. Dirulaguntzak kobratu ahal izateko lantzen dira lurrak. Soilik zazpi lurjabek 30 milioi euro jasotzen dituzte lurrak edukitzearren. Lur-jabeen %20ak diru laguntzen %80 eramaten du. Eta gero PER-arekin sartzen dira (Plan de Empleo Rural gaztelaniaz), Duran i Lleidak egin izan duen bezala. Bada begira, politikariek herritarren gehiengoak gure laborantza garatzeko eta lana emateko politikarik egin ez dutelako existitzen da Andaluzian PER-a. Guk ez dugu PER-ik ez laguntzarik nahi. Langile baten eskuek aberastasuna sortzeko behar dute eta ez limosna eskatzeko. Politikariak dira errudunak kazikismoa sustatu dutelako.

Albako Cayetanok esan zuenean Andaluziako jendeak ez genuela lanik egin nahi, bere eremua okupatu genuen, hori irain bat izan zelako. Bere lur eremuak altxa genituen, eguzkia atera zenetik sartu zen arte.

Gobernuek laborantza erreforma bat aplikatu behar lukete, jabe handien lur eremuak kooperatiben eta Udalen eskuetara pasa daitezen, eta publikoak izan. Lurra naturaren dohaia da, Jainkoaren dohaia sinesdunentzat, eta gizakiaren zerbitzura egon behar du, ez lau kazikeren eskuetan.

Albako dukea lurreko bere bi metroetara doan pertsona bat gehiago da, eta hori da mundu guztiak eduki behar duena. Zertarako nahi duzu horrenbeste lur hiltzen zarenean bi metro koadrorekin nahikoa duzuenean? Eta ez da ezer aldatuko. Albaren Etxea inperio bat da. Lur-jabe handi guztiak bezala, beren jabetzatik bizitzera destinatuta dago, eta ez du eskualdeetan pentsatuko, ezta garapenean ere, ez ekonomian, ezta eraldaketan ere. Ez du inongo beharrik.

Artikulu hau Vilawebetik ekarri dugu Creative Commons lizentzia libreei esker. Artikulu originala hemen.

SATeko kideak lurrak aldarrikatzen.