argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udaltzaingoaren jipoia 16 urteko gazteari
Horrelako jarrerak “errotik moztu” ditzala eskatu diote udalari Zabalgana auzoko ikastetxe, guraso eta auzo elkarteek
  • Iragan astean Zabalgana auzoan Udaltzaingoak 16 urteko gazte bat jipoitu zuela salatu zuen haren familiak. Auzoko hainbat hezkuntza eragilek udalari eskatu diote gertatua argitu dezala, eta “hala badagokio” erantzukizunak hartu ditzala bere gain.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko martxoaren 16a

Zabalgana Institutua, Mendibea guraso elkartea, Aldaialde ikastetxeko irakaslegoa, Aldaiaberri guraso elkartea, Armentia ikastola, Mariturri ikastetxea, Mariturri guraso elkartea eta Zabalgana ikastetxea, Amezti Txiki guraso elkartea eta Zabalgana Batuz auzo elkartea: horiek dira ohar bateratua kaleratu duten hezkuntza eta auzo arloko eragileak.

Gogoratu dute iragan astean auzoko familia batek salatu zuela Udaltzaingoak 16 urteko gazteari jipoia eman ziola patinete elektrikoarekin arau-hauste bat egin ostean. “Salaketa horren arabera, hasieran ihes egin eta jazarpen baten ondoren, Aimar (adingabea, ez dezagun ahaztu) bortizki menderatu eta kolpatu zuten jada geldituta eta patinetetik jaitsita zegoenean”. Gaztea ospitalera eraman zuen anbulantzia batek, eta bertan baieztatu zuten medikuek, besteak beste, sudur trenkada hautsita zuela. Udaltzainek familiari adierazi zioten gaztea erori egin zela, baina herritar batek grabatutako bideoak polizien esana gezurtatu zuen.

Argitu eta erantzukizunak hartu

Familiari “elkartasuna” adierazi diote elkarte eta eragileek, eta udalari zuzendu zatzaizkie, Udaltzaingoaren jardueraren “azken arduradun” gisa. “Udalari exijitzen diogu gertatutakoa erabat argitzeko eta, hala badagokio, erantzukizunak bere gain hartzeko”.

Gazteak arau-hustea egin bazuen ere, polizien jarrera ez dela onargarria uste dute oharra sinatu duten eragileek: “Guztiz neurriz eta lekuz kanpoko jokaera iruditzen zaigu, eta ez dator bat agintaritzatik espero dezakegunarekin”. Kezka adierazi dute, herritar bezala eta hezkuntza komunitateko kide moduan ere, “horren larriak” diren gertaerak, “gure kaleetan gerta daitezkeelako, bizikidetzaren, errespetuaren eta elkartasunaren balioetan hezteko egindako ahalegin guztiei kalte eginez”. Horregatik eskatu diote udalari, “ekintza horiek errotik moztu ditzan”.