argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Horrela jarraituz gero etorkizun oparorik ez

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko azaroaren 17a
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patornaleko ordezkariak Confebasken demografiari buruzko biltzarrean (argazkia: Confebask)

Duela gutxi Confebaskek esan du 400.000 langile beharko direla –edo dituela– datozen 30 urteetan gaurko oparotasunari eutsi ahal izateko. Eta immigrazioan jarri du fokua oraingoan. Esku lanaren premia asetzeko bada eta “atzerritartasun legeak” hirugarren mailako langile egiten dituela ziurtatuz, posiblea ez ezik, beharrezkoa izango omen da mugak irekitzea.

Adierazgarria da datorren urtean ekonomiarekin zer gertatuko den jakiterik ez dagoela esaten digun berberak, 30 urte barru zenbat enplegu egongo den zalantzarik gabe iragartzeko gai izatea

Adierazgarria da datorren urtean ekonomiarekin zer gertatuko den jakiterik ez dagoela esaten digun berberak, 30 urte barru zenbat enplegu egongo den zalantzarik gabe iragartzeko gai izatea. Digitalizazioa, deskarbonizazio prozesua, energia krisiak dakartzan gatazkak eta nazioarteko komertzioan zuzenean eragiten duten mundu mailako tentsioak, lanaldiaren iraupena eta antolaketa, aldaketak demografikoak sortuko dituen errealitate berriak…  Horiek eta gehiago dira gaur bizi-bizi dauden prozesuak. Zer, zenbat eta nola ekoizten den Euskal Herrian birplanteatzea, zaintzak ziurtatzeko sistema oso bat antolatzea, produktibitate mailak ahalbidetzen duen lanaldiaren murrizketa sakona, bizi kalitatea hobetzeko funtsezkoa den lanaldiaren berrantolaketa… Horiek, besteak beste, martxan diren eta lan merkatuan eragingo duten borrokak.

Confebaskek argi du jubilatzeko adinera iritsiko garela asko eta asko. Izan dadila pentsio duin batekin! Eta aditzera ematen du bere aurreikuspenak 30 urte barru balio izango duela ez garelako gai izango sistema hau aldatzeko. Hori ikusteko dago, garrantzitsuena ekuaziotik kanpo utzi baitu: ez dugula etorkizunik gaurko oparotasunari eutsiz gero.