argia.eus
INPRIMATU
Horrela itzuli dira ikastetxeetara Alemanian
  • Gradualki, ikasleak hasi dira dagoeneko Alemanian ikastetxeetara itzultzen. Bigarren hezkuntzan goiko mailetan ari direnak bueltatu dira lehenengo, eta irudi ikusgarriak utzi dituzte. 15 ikasle gehienez gela berean, ateak eta leihoak zabalik eta maskarak aukeran, irakurri hartu dituzten segurtasun neurriak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 24a

Gutxienez metro eta erdiko distantzia utzi behar dute ikasle eta irakasleek uneoro, bai gela barruan, bai patioan. Horretarako, aulkiak eta mahaiak mugitu dituzte eta patio orduak txandaka antolatu dituzte, ikasle guztiak batera atera ez daitezen.

Nondik sartu eta irten jakiteko, geziak

Argazkietan ikus daitekeenez, ikastetxe ugaritan lurrean markatu dituzte metro eta erdiko distantziak, eta hainbatetan geziak ere jarri dituzte, jakiteko nondik atera eta nondik sartu behar duten ikasle eta irakasleek. Leihoak eta ateak, irekita mantentzea erabaki dute ikastetxe ugaritan, besteak beste ate eta leihoetako heldulekuak eskuekin ez ukitu behar izateko.

Ikasgelan ezin dute 15 ikaslek baino gehiagok batera egon eta horregatik, ikasle gehien dituzten gelak zatitu egin dituzte (batzuek goizez ematen duten ikasgaia besteek arratsaldez ematen dute, esaterako). Debekatuta daude binakako edo taldekako lanak. Argazkietako batzuetan, 15 ikasle baino gehiago ikus daitezke: azterketa egiten ari dira eta horregatik daude ikasle gehiago espazio berean, baina areto nagusia edo gimnasioa erabili dute, distantziak mantenduz denak kabitu ahal izateko.

Maskarak, xaboia eta eskuoihalak

Distantziak mantenduz gero, ikastetxeetan maskarak ez direla derrigorrezko adierazi du Alemaniako Gobernuak, baina ikastetxe batzuetan ahoa eta sudurra babesteko eskatu diete ikasleei eta doan emango diete ikasleei maskara bana.

Garbitasunari lotuta, Gobernuak ikastetxeei eskatu die xaboia eta erabilera bakarreko eskuoihal nahikoa bermatu ditzatela komunetan. Aldi berean, irakasleek kontrolatu behar dute deskantsu orduan ikasle gehiegi ez daitezela pilatu komunetan, segurtasun distantzia errespetatu dezaten.

Maiatza bukaeran izango dituzte azterketak ikasle alemaniarrek, eta horretarako presentzialki prestatzen hasiak dira dagoeneko.

Argazkiak honako medioetatik jaso ditugu: 24vest, RPP eta ZEIT.