Ekologistak Martxan elkarteak jakinarazi du Espainiako Estatuan herritarrek kontsumitzen dituzten fruitu eta barazkiek beren mamian daramatzatela gutxienez 33 disruptore endokrino, gizakiei gaixotasun larriak eragiten dituztenak. Hamar elikagai kutsatuenen taula ikusgarria ere argitaratu dute.
AECOSAN Espainiako Kontsumo, Elikaduraren Segurtasun eta Nutrizioaren Agentziak bildutako datuetan arakatuz osatu du Directo a tus hormonas. Guía de alimentos disruptores ikerketa Ecologistas en Acción (Euskal Herrian Ekologistak Martxan) elkarteak. Horren arabera, fruitu eta barazkien artean pestizida gehien daramaten hamar kutsatuenak nabarmendu dituzte: udareak (49 pestizida ezberdin daramatzate, horietatik 16 gizakien hormona sisteman eragiten dutenak), sagarrak (32), mertxikak (18), laranjak (16), ziazerbak (16), pepinoak (17), tomateak (15), mahatsak (29) eta mandarinak (9).
Kontua da Europar Batasunak 1107/2009 zuzentarauan debekatu zuela disruptore hormonalak nekazaritzan erabiltzea, baina legea egin arren –nola lortu duten zerbait jakingo dute agro-kimikoen lobbyek...– hori erralitatean ezartzeko arautegi zehatza oraindik garazeke dago. Horregatik ari dira asteotan lege europarra aztertzen Europako hainbat estatutako parlamentuetan.
Disruptore endokrinook gizakiari hainbat gaixotasun eta arazo larri eragiten dizkiete: ugalkortasun galera, jaiotzetiko malformazioak, diabetesa, obesitatea, immunitate sistemaren ahultzea, autismoa, hiperaktibitatea eta zenbait minbizi, hala nola bular, prostata, barrabil edo tiroideetakoak.
Nekazaritza biologikoan ekoiztutako produktuen kalitatea oso bestelakoa dela erakutsi du, berriro ere, azterketak. Nabarmentzekoa da AECOSANek produktuen artean bildutako 2.384 laginetatik ekologikoen artean hiruk baizik ez dutela erakutsi kimikoen arrastoren bat.