Demagun Rikardo duela izena izenburu hau iradoki didanak. Benetako izenik ezin eman bestela emazteak aurrena eta medikuak gero errieta egingo omen diote. Tranpatan ibili beharra daukagu, bestela egun gorri. Berak esan zidan Sendabelarrek dakitena liburua ateratakoan: “Poz eman didazu pareta-belarra hain txukun esplikatuta. Zuk badakizu nik sendabelar horri esker segitzen dudala txikitero grabea izaten, ardozaleok dakiguna ere hor dago, e?”. Berak ardoa maite du eta urteak joan eta urteak etorri pareta-belarrak lagundu dio maitasun zail horri leial izaten.
Rikardo erabat hiritarra da, Euskal Herriko hiriburu batekoa, oraindik ere goizero erronda bat eta arratsaldero beste bat egiten duten txikitero kuadrilla batekoa. Ardoa, kafea eta pareta-belarra omen dira edaten dituen likido bakarrak. Gizon hau gustatzen zait topiko asko apurtzen dituelako. Hau da, sendabelarren jakintza baserriari lotua dagoela, amak alabari emandako jakintza dela, sendabelar asko erabili behar direla osasuntsu egoteko, atzerritik ekarritako depuratzaile hepatikoak indartsuagoak direla, eta abar. Norberak berarentzat adina botika egin ahal izatea izan da gutako askoren leloa urtetan eta bera eredu ona da horretan.
Euskal Herrian badira hainbat sendabelar ia deboziozkoak, hori ikusten dugu haiei zaien miresmenari erreparatuta, eta bat horma-belarra dugu. Flabonoide kopuru handia duenez, zelulen zahartzea atzeratzen du eta antioxidatzailea da. Taninoak, muzilagoak, nitrato potasikoa, azufredun osagaiak, kaltzio oxalatoa eta azidoak ditu bere hosto eta txortenetan. Osagai anitzak eta asko, kopuru handian gainera. Asunaren familia botaniko bereko landare belarkara hau diuretiko indartsua dugu, baina baita gibela eta behazuna garbitzeko sendabelar egokia ere.
Eta onena, edonon paretak horma-belarrez josita ditugula. Bere polena alergenikoa dela argudiatuz udalak fumigatu zaleak dira (maiz glifosatoz), baina jai daukate, ikusitakoa ikusita espezie honek botikarekiko erresistentzia garatu duela baitirudi. Herri zein hiriguneetatik kanpo dauden murruetan, mendi aldeko borda eta ermiten hormen kontra hazten dena bildu izan da.
Udaberri eta udazkenean bederatziurrena egitea izan da ohitura. Hau da, hosto, txorten zein lore/haziak ondo lehortu eta infusioa egitea, goizero baraurik bederatzi egunean segidan hartzeko. Urtaroek irauten duten hiru hilabeteetan. Hori bai, gozagarririk gabe, ezta eztirik ere. Botika zein gaitz askorekin ez da bateragarria, informatu erabili aurretik.