Bada “xingola” esaten diogun landarea (Chlorophytum comosum). Izen zientifikoak ez du aparteko informazio berezirik ematen, soilik landare berdea dela (grekoko Chloros + phyton) eta loreak motots harroetan zabaltzen dituela (grekoko comosum). Bere hostoen formagatik da xingola; halakoxea da, estu, mehe eta luzea. Malgua ere bada, xingola egiteko moduko gaia izanik, baina nik dakidala ez da lokarri gisa erabiltzen. Erdaretan ere “cinta” eta “ribbon plant” esaten diote, xingola, alegia. Euskarazko Wikipedian “zinta-belar” bezala agertzen dira berez lezkak direnak: hostozabala (Tipha latifolia) eta hostoestua (Tipha angustifolia). Lezkei “enea” ere esaten zaie, baita “txuflaska” ere, eta hostoestuari “silla-belarra”, aulkien ipurdia josteko erabiltzen baita.
Xingola ez bezala, lezkak bai lokarriak egiteko baliatzen dira. Hosto luze-luzea dute eta sokak egiteko gai egokia dira. Beste makina bat landare baliatu izan da lokarriak egiteko. Batzuen adarrak, besteen azalak, baita hostoak eta zurikinak nahiz sustraiak eta lastoa ere aproposak dira amarrak, bilurrak, sapinoak, estroboak, lokailuak eta abar moldatzeko.
Batean eta bestean entzun, ikusi eta irakurri ditudanetakoetatik tiraka, hona gurean erabili izan diren landare mordoxka. Gaztainondoa (Castanea sativa), ezkia (Tilia spp.), zume hauskorra (Salis fragilis), zume jatorra (Salix viminalis), zume zuria (Salix alba), zume negartia (Salix babylonica), zume gorria (Salix purpurea), zume hostoestua (Salix eleagnos), zumea (Salix x rubens), hurritza (Corylus avellana), kalamua (Cannabis sativa subsp. sativa.), lihoa (Linum usitatissimum), olo zoroa edo histu-belarra (Avena fatua), asuna (Urtica dioica), goilora hostoestua (Epilobium angustifolium), ostargi-belar horia (Iris pseudocorus), laharra (Rubus spp.), astalarrosa edo arkakaratsa (Rosa canina), ezker-aihena edo lupulua (Humulus lupulus), artoa (Zea mays), espartzuak (Ligeum spartum eta Stipa tenacissima), atzaparra edo ahuntz-hostoa (Lonicera caprifolium), basoetako atzaparra (Lonicera periclymenum), porrua (Allium porrum), ihia edo zindun-belarra edo ziria (Juncus acutus), elefante oineko juka (Yucca elephantipes) eta aihen zuria edo hautina edo aiartea (Clematis vitalba). Azken hori nabarmendu nahiko nuke, izan ere, seguruenera gehien erabilitakoen artean egongo da. Ez baduzu inoiz entzun, begira zer izen dituen: bihurri, bihurriki, bidurri, ligarza, bilur eta bilurda behintzat bai. Haritzaren (Quercus robur) sustraiak ere bihurrituta erabili izan dira eta “bihurria” esaten zaie horiei ere.
Ezin ahaztu lokarri horietako askoren muturrean errazago askatu-lotu eta gutxiago zarrastatzeko jartzen zen zurezko antzadila, gako edo uztai formakoa, maiz haginezkoa (Taxus baccata).
Lokarriak hurbilekoarekin atontzea bizimodua errazteko bidea izango zen; bide ederra. Zenbat bihurritu eman ote zaizkie landare horien gaiei? Esaerak hala dio: hori sapinoa baino bihurragoa dunk.