Gure esku dago ekimenak antolaturiko giza katea eta Katalunian ANC (Assemblea Nacional Catalana) erakundeak antolatutako "Via Catalana"-ren arteko konparaketa ekidinezina da. Katalunian eginiko mobilizazio erraldoiak bozgorailu ugari piztarazi zituen Europan zein munduan, eta Kataluniak duen arazo politikoa hedabide askoren agendan kokatu zuen.
Euskal Herria eta Katalunia oso desberdinak dira, euskaldunak eta katalanak desberdinak garen heinean. Izatez, gertu dauden herriak izanik eta beraien arteko giza erlazioa handia bada ere, finean, uste baino alde gehiago daude bien artean. Alde nagusia ez da kontzertu ekonomikoa edo konbenioa edukitzeak ematen duen izugarrizko alde ekonomikoa. Nire ustez, askoz ere haratago doa, esaterako etorkizunarekiko dugun baikortasun edo ezkortasuna, gauzen alde onak eta txarrak aztertzeko modua edota norbere buruarengan dugun sinesmena edo konfiantza.
Via Catalana-k arrakasta bikoitza izan zuen: mobilizazio soziala eta elkarren arteko mutur-jotze politikoa gainditzea. Denek egin zuten bat Via-n: CiUk eta ERCk; ICVk eta CUP-ek. Hori posible izan zen, alderdi horien guztien militanteek bat egitea nahi izan zutelako. Alderdien kontsignek ez dute ezer balio, jendeak bildu nahi ez badu. Beraz, gauza nagusia, jendearen elkarlanerako borondatea izan zen. Posible al da hori Euskal Herrian? Giza katearen balioa horretan datza: jende desberdina elkarlanean jartzeko tresna izan dela. Horrelako ekimenik gabe, eta horrelako elkarrekiko ariketarik gabe, Euskal Herriak ez du askapen prozesurik izango, ez orain ezta etorkizunean ere. Horregatik, hain zuzen, merezi duen balioa eman behar zaio giza kateari. Han ere, iritzi desberdineko pertsona asko baitzegoen. Baikeunden. Hori da bidea.