Josu Bergara eta Akorde Txikiak bandak eskainitako kontzertuaren kronika. Ekainainaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian.
Eguneroko bizipen txikietan arreta jartzearen alde egin zuen Josu Bergarak Kanta txikien indarra izeneko diskoan, eta plazaratu berri duen Asunak lan berrian apustu horri eutsi dio. Txikitasuna eta apaltasuna abiapuntu, ordea, gauza handietara heldu daiteke, Bilbon emandako kontzertuan erakutsi zuenez.
Kantautore izaerari uko egin ez arren, Josu Bergarak gero eta talde zabalagoa du inguruan. Diskoan bezala, Kafe Antzokiko emanaldian Akorde Txikiak banda osoa izan zuen ondoan, zazpi lagun oholtzan. Pianoa, biolina, kontrabaxua, bateria eta abar melodien eta soinuen aberasgarri izan ziren. Kantautorearen ahots bakartiak Irati Bilbaoren eta Nerea Alberdiren bigarren ahotsak izan zituen lagun. Alberdi da, hain zuzen, Bergararen aliaturik handiena, abestien konposizioak egiten baitizkio eta biolina ere jotzen du diskoetan zein kontzertuetan.
Txikitasunetik jaiotako kontzertua handi egiten lagundu zuten, gainera, proiektuko kolaboratzaileek: Rayco Sanchez rap abeslariak kanta batean parte hartu zuen eta Gaizka Peñafiel trikitilariak beste bi pieza alaitu zituen. Eako pintxo-poteko kideak ahaztu gabe.
Osteguna zenez gero, ezin esan Kafe Antzokia lepo bete zenik, baina publiko dezente bazegoen eta Josu Bergara hasieratik saiatu zen entzuleokin konektatzen. Sakelako telefonoen argia pizteko eskatu zigun Udaberriko haikua abestiari laguntzeko; geroago, gitarra txikitxoa eskuan, jende artera jaitsi eta Amets, amets abesti herrikoia kantatu zuen mikrofonorik gabe. Beharbada, kontzertuak hor jo zuen goia.
Disko berriko abestiak eta bere errepertorioan lekua egina duten beste batzuk tartekatuz, Josu Bergarak ibilbide intimoa egin zuen kantaz kanta, gaztetako maitasun kontuak zein alaba txikiaren pasadizoak aipatuta. Txikitasunean bilatzen du munduaren bidegabekeriei aurre egiteko indarra eta Kafe Antzokiko oholtzatik babesa bidali zien Valtonyc abeslariari, @erreharria txiolariari eta La Manadaren biktimari. “Isilik nahi gaituzte, baina kantatuko diegu, libre izan arte”, aldarrikatu zuen.
Kontzertu laburra agindu zuen Josu Bergarak eta hala izan zen, ziztu bizian pasa zitzaigun eta gehiagorako gogoz geratu ginen. Txikitik abiatzea apustu handiak irabazteko bidea dela erakutsi zuen beste behin, eta horretarako konplize egokiak aurkitu ditu, Akorde Txikiak bandakoen ekarpenari esker.