argia.eus
INPRIMATU
Hordago! ekimena sortu dute Nafarroako zonifikazioa salatzeko
  • Nafarroan hegoalderago dagoen Cortes herrian aurkeztu dute Hordago! ekimena. Cortesko Adierazpena irakurri dute Kamila Guarin Peraltako bizilagunak eta Julian Vicente García Cortesko bizilagunak. Nafarroako hizkuntza zonifikazioa bertan behera uztea aldarrikatu dute.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 15
Julian Vicente GarcĂ­a eta Kamila Guarin Hordago! ekimeneko kideak Cortesko Adierazpena irakurtzen. Argazkia: Ahotsa.info.

Herri ekimenak adierazi du aurrerapausoak eman nahi dituela edozein nafarrek, edonon dagoela, eta edonon bizi dela, Nafarroa osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko: “Zonifikazioa bidegabea zen duela lau hamarkada, eta orain, gainera, anakronikoa da”.

Foru erkidegoan hizkuntza eskubideen araberako hiru eremu banatuta izatea nafarren artean diskriminazio, desberdintasun eta desadostasun iturri dela esan dute Cortesko Adierazpenaren bidez. Nafarroa herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izatea nahi dute, herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatu gabe, eta hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuko duena.

Azpimarratu dute euskara dakiten pertsonen kopurua txikiak izateak ez duela zilegitasunik ematen herritarren eskubideak urratzeko.

Bi hizkuntzek, gaztelaniak, eta euskarak, parez pare egon behar dutela aldarrikatu dute eta euskara Nafarroako nortasunaren parte berezkoa dela, ezin dela euskararik gabe Nafarroa ulertu eta Nafarroarik gabe euskara ulertu.

Dei egin die udalerri guztietako biztanleei eta gizarte, kultura, kirol, sindikatu, ekonomia eta politika eragile guztiei, aldarrikapena bere egitera eta hemendik aurrera egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera.