argia.eus
INPRIMATU
Hong Kongen Edward Snowden lagundu zuten familiak deportatzeko arriskuan daude
  • AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) espioitza programak azaleratu ostean, Edward Snowdenek Hong Kongeko familia batzuengan bilatu zuen babesa. Familia horiek gobernuak deportatzeko arriskuan daude orain.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 17a
Snowdeni asilo eman zioten familiak.

Hong Kongen asiloa eskatzen ari diren Sri Lankako eta Filipinetako hiru familiak lagundu zuten Snowden; familien abokatu Robert Tibbok jarri zituen kontaktuan Snowdenekin. Bi astez eman zioten babesa Snowdeni 2013an, AEBetako milaka dokumentu sekretu argitaratu ostean klandestinitate egoeran zegoenean. Gaur, ordea, haiek daude kanporatzeko mehatxupean, familien asilo eskaera ukatu baitute Hong Kongeko agintariek.

Familien abokatuek diote Snowdeni eman zioten babesagatik Hong Kongeko agintariek beren kontrako jarrera hartu dutela.

2013ko ekainean Interneteko enpresa nagusien eta espioitza agentzia estatubatuarraren praktikak azaleratu zituen CIAko langile ohiak. AEBen erantzuna saihesteko Hong Kongen babestu zen, eta han hiru familien laguntza izan zuen. Ez zuen luze iraun han, AEBek estradizio eskaera egin zuten, eta Snowdenek Errusiara ihes egin zuen. Han jarraitzen du gaur egun.