argia.eus
INPRIMATU
Honelakoa izan daiteke konfinamendua arintzeko prozesua Espainiako Estatuan
  • Asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzeko eskatzearekin batera, konfinamenduaren amaiera nolakoa izan daitekeen aurreratzen hasi da: deszentralizatua eta lurraldeka “aurrerapauso eta atzerapausoak” izango dituena. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoekin elkarrizketa mahaiak iragarri ditu fase horretarako.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 22a
Pedro Sanchez Espainiako kongresuan.

Martxoan Espainiako Estatuan abian jarri zen konfinamenduak ez zuen salbuespenik egiten: marko bakarra, Madrildik ezarritakoa aplikatu da estatu osoan eta, beraz, Hego Euskal Herrian. Moncloak izan du aginte makila orain arte, baina asteazken goiz honetan Sanchezek Espainiako kongresuan iragarri duenez, alarma egoera luzatzearekin batera gauzak aldatu nahi ditu.

Konfinamendu-baldintzak lasaitzea nola egingo den oraindik zehaztu gabe badago ere, autonomia erkidegoek hemendik aurrera eskumen gehiago izango dutela dirudi, Espainiako presidenteak haiekin hitz egiteko mahaiak sortzea proposatu baitu. Zenbait erkidegorekin –nagusiki Katalunia– krisiari aurre egiteko estrategiaren inguruan desadostasun nabarmenak izan ditu Sanchezek eta horiek arintzeko asmoa igartzen da planteamendu honen atzean.

Hori bai, konfinamendua arintzeko prozesua luzea eta oso graduala izango dela ere aurreratu du Sanchezek, estatu osoan uniformeki egingo ez dela adierazteaz bat.