argia.eus
INPRIMATU
Hondurasko Estatua da Berta Caceresen hilketaren erantzule, ikerketa baten arabera
  • Hondurasko hainbat goi karguk eta funtzionariok Berta Caceresen hilketarekin lotura zuzena izan dezakete, GAIPE Aholkulari Adituen Talde Independenteak eginiko ikerketaren arabera. Fiskaltzak froga nahikoa izan ditzake Estatuarekin zerikusia duten profesionalak akusatzeko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 02a
Nazioartera zabaldu da Berta Caceresen hilketaren kasua argitzeko justizia eskaera

Indarkeria geldiaraztea: Berta Caceres hil zuen plana izeneko azterketa egin dute nazioarteko hainbat aditu independentek. Aztertutako materialaren artean, ikerketa penaletik ateratako dei telefonikoak, sms testuak eta posta mezuak daude.

Ikerketak zehazten duenez, Berta Caceres hiltzeko plana 2015eko azaroan hasi zen. 2016ko otsailean Caceres hiltzeko saiakera bat ere izan zela diote adituek.  Edonola ere, ondorio nagusiek DESA enpresa jartzen dute jomugan: enpresaburu eta zuzendaritzako kidez eta sikarioz osatutako sare kriminal bat sortu zutela dio ikerketak. Gainera, ikerketa ofiziala lantzen ari diren profesionalek azterketa sakonik ez dutela egin nabarmendu du GAIPEK; goi karguetako arduradunak ikertzeko froga nahikoa egon arren, ez baitituzte beharrezko neurriak hartu. Zortzi pertsona akusatu dituzte Caceresen hilketagatik, baina bakar batek ez du lotura Hondurasko Estatuarekin.

Berta Caceresen hilketa salatzeko manifestazio bat Hondurasen

2016ko martxoaren 2an hil zuten Berta Caceres ekintzaile hondurastarra. Lenca herri indigenako liderra zen Caceres, eta ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Hilketa argitzeko, nazioarteko adituez osatutako lantaldea sortzea eskatu zioten senideek gobernuari. Agintarien ezezkoaren aurrean, familia beste bide batzuetatik hasi zen nazioarteko sostengua bilatzen; horrela sortu zen GAIPE.