argia.eus
INPRIMATU
Hondurasko Auzitegiak ebatzi du Desa enpresako lehendakari exekutiboak agindu zuela Berta Cáceres hiltzea
  • Roberto David Castillo Mejía jo du auzitegiak Berta Cáceres ekintzaile lencarraren hilketaren arduradunetakotzat. Castillo lehendakari exekutiboa zen Desa enpresan eta berau Lenca herriarentzat sakratua den Gualcarque ibaian presak eraikitzen ari zen: eraikuntza hauen aurka ari zen borrokan Cáceres, 45 urterekin hil zutenean, 2016an.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 06a

El Salto hedabideak jaso duenez, Hondurasko Jatorrizko Herrien Herri Mugimenduen Kontseiluak (COPINH gazteleraz) pozik hartu du fiskaltzaren idatzia: "Hau Hondurasko herriaren garaipena da. Honek adierazten du egitura kriminalek ez dutela lortu justizia sistema usteltzea". Cáceresen alaba Laura Zuñigak sare sozialetan mezu hau zabaldu du: "Uste zuten inpunitatea betiko zela, eta oker zeuden, herriek badakite justizia egiten".

Cáceresen beste alabetako bat den Berta Zuñiga COPINHeko koordinatzaile da eta erakunde honek eskatu du Atala Zablah familiako lau kidek duten ardura argitu dadila. Izan ere, familia hori Hondurasko aberatsenetako bat da eta hauek dira Desa enpresaren jabeak. Familia horrek hautatu zuen David Castillo lehendakari exekutibo moduan, eta kargu hori hartu baino lehen militarra zen, Defentsa Idazkaritzako Inteligentzia Zuzendaritzan lan egindakoa, AEBetako akademia militarrean hezitakoa.

Kasua irekita

Hondurasko Fiskaltza Nagusiak frogatutzat eman du Castillok agindu zuela Cáceres hiltzea, "Lenca herriarentzat arbasoekin lotua dagoen Gualcarque ibaian Desak egin nahi zituen operazioetan inolako trabarik ez izateko planaren parte izan zen erailketa". Kasua oraindik irekita dago, autore intelektualak bilatzeko asmoz.

Gualcarque ibaiko obrek ustelkeriarekin duten lotura azaltzen du Demokraziarako Ikerketa Zentroak osatutako lan honek.