argia.eus
INPRIMATU
Hondurasko haur bat ito da Mexiko eta AEB arteko Bravo ibaian, bertara iritsi nahian
  • Hondurasko zortzi urteko haur bat hil da itota Mexiko eta AEBetako muga zeharkatzen ari zela. Bere gurasoek eta ahizpak muga zeharkatzea lortu dute, baina Mugako Patruilak gelditu eta Mexikora itzularazi dituzte.  

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 19a
Argazkia: iose

Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalak ostegunean eman du zortzi urteko umearen heriotzaren berri. Haurra hainbat heldurekin zegoen Mexiko eta AEBetako mugako uharte txiki batean, baina urak eramanda ito da bertan, Bravo ibaian.

Haurraren gurasoek eta ahizpak AEBetara iristea lortu dute, baina Mugako Patruilak Piedras Negrasera (Mexiko) eraman ditu gorpuaren identifikaziorako. Familia Coahuila estatu mexikarrean geratuko da, jatorrizko herrialdera itzultzeko beharrezko tramiteak amaitu bitartean.

Horrez gain, asteazken honetan, Bravo ibaia zeharkatzen ari zen emakume venezuelar baten heriotzaren berri eman du Institutuak.

Bidenen iragarpena

Joan den ostiralean, Joe Biden AEBetako presidenteak iragarri du Migratzailea Babesteko Protokoloaren bidez Mexikora itzularazi zituzten asilo-eskatzaileen arreta berriz ere martxan jarriko dela.

Donald Trump presidente ohiak bultzatutako programa horrek mugako kanpalekuetan milaka migratzaile pilatu zituen, AEBetako asilo eskaera ebatzi arte Mexikon itxaron behar baitzuten.

Presidentearen iragarpenaren aurrean, Mexikoko Gobernuak migratzaileei mugara ez joateko deia egin die, Bidenen neurria kasu jakin batzuetan soilik aplikatuko delako eta mugako pasabideek itxita jarraitzen dutelako.