argia.eus
INPRIMATU
Hondurasera bidaia, laugarren kronika
Berta Caceresen senideen duintasun irakaspena
  • Gaurkoa egun bizia eta emozioz betea izan da, gehienbat Universitad Nacional Autonoma de Honduras-en egon garelako, ikasleen borroka hurbiletik ezagutzen jarraitu dugulako eta Berta Cáceresen familiarekin batu garelako. Horretaz gain, AECID (Agencia Española de Cooperación Internacional para el Desarrollo) eta Congreso Nacional Comisión de Derechos Humanos-eko kideak ere ezagutu ditugu.

Joxemi Zumalabe fundazioa @joxemiZumalabe 2017ko uztailaren 26a

Kronika Berta Cáceres-en inguruan zentratuko dugu. Gurekin Bertaren ama Austra Berta, alaba Olivia Zúñiga eta Bertaren neba Gustavo egon dira, duintasun eta borroka ikaspena izan da, aho zabalik utzi gaituzte.

Beste hainbat konturen artean, giza eskubideen defendatzaile bat erailtzeko faseak azaldu dizkigute. Lehenik erailketa politikoa, bigarrenik kriminalizaziorako bidea, judizializazioa, espetxea… eta azkenik erailketa bera. Bertaren familia bigarren fasean dago, hasieratik argi utzi dutelako DESA dela Bertaren erailketaren erantzulea, aurrez erail zituzten beste sei kideren erantzulea izan zen bezala.

Familia segurtasunik gabe dago momentu honetan, presio nabarmena bizi izan dute eta espero dute hirugarren fasera ez heltzea. Bertaren alabari eraso egin zioten duela gutxi, eta Poliziaren babesa duten arren ez dira fio eta ez daude gustura. Hala ere, haien hitzetan “La necesidad de justicia es mayor que el miedo y el dolor” (Justizia premia handiagoa da beldurra eta mina baino).

Transnazionalen aurkako borrokak zutik dirau, oraindik ere, proiektua gelditzea lortu nahi lukete, hiltzaile intelektualak oraindik kalean jarraitzen dute. Pozik daude Agua Zarca proiekturako finantzazioa gelditzea lortu dutelako.

Hau guztia azaltzeko “Amalurraren defendatzaileak” kanpainaren barruan Honduraseko 38 erakundek (OXFAM tarteko), “Hechos y circunstancias alrededor del asesinato de Berta Cáceres Flores” informea atera dute. Bertan, erailketaz jarduteaz gain, Agua Zarca proiektuaren atzean dagoen ustelkeria ere jorratzen dute.

Horrez gain, Bertaren alaba Olivia Zuñigak azaldu zigun Kongresurako aurkeztuko dela, indigenen eskubideak defendatzeko.

Bukatzeko, isilik gelditu nahi ez duen familia honen aurka doaz boteredunak, eta hori dela eta, internazionalismoaren garrantziaz jardun dugu. Bereziki azpimarratu dute gu adi egotea bertan gertatzen denari buruz, haiek bizi dutena zabaltzea eta nazioarteko presioa egitea.