argia.eus
INPRIMATU
Hondurasek abortuaren debekua sendotu du
  • Hondurasen debekatuta dago haurdunaldia etetea, kasu guztietan: bortxaketa, fetuaren malformazio larria edo haurdun dagoen emakumearen bizitza arriskuan egotea ere. Ostegunean Hondurasko Kongresu Nazionalak Konstituzioaren erreforma onartu du abortuaren debekua are gehiago sendotzeko asmoz.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 22a
Abortatzeko eskubidearen aldekoak eta kontrakoak parez pare. Argazkia: Laprensa.hn

Erreformaren helburua da etorkizunean Hondurasen abortuaren balizko legeztapena eragoztea. Honduras, Erdialde eta Hego Amerikako nerabeen haurdunaldi tasarik altuenetakoa duen herrialdea da, lau erditzetik bat hemeretzi urtetik beherakoa da, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Proposamena eztabaida bakar batean onartu egin du Kongresuak. Urtarrilaren 11n aurkeztu zuen Mario Perez Hondurasko Parlamentuko presidenteordeak, Alderdi Nazionaleko diputatuak.

67. artikuluko erreforma 

Erreformaren arabera, "baliorik gabe geratuko dira artikulu hori indarrean sartu ondoren kontrakoa ezartzen duten lege-xedapenak". Hala eragotzi nahi dituzte abortua etorkizunean legeztatzeko ekimen legegileak.

"Alderdi Nazionala bizitzaren aldekoa da eta erreforma honen alde bozkatuko du; eta nahi ez duenak eta amaren umetokian haur baten heriotza onartzea nahi duenak, kontrako botoa eman dezala", adierazi du proposamenaren berri eman duen Mario Perez kongresuko diputatuak. 

Somos Muchas eragile feministako kideak, abortu eskubidearen alde. Argazkia: @somosmuchas

Erreakzioak

Hondurasko giza eskubideen aldeko erakunde feministek erreforma gaitzetsi dute eta emakumeen eskubideak errotik bortxatzen dituela azpimarratu dute. "Horrenbeste amorruz ez", txiokatu du Somos Muchasek, Hondurasko emakumeen erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen duen kolektiboak.

Bestaldean, "Honduras bizitzaren alde da"  leloa aukeratu dute abortuaren debekua sare sozialetan txalotu duten Twitterreko erabiltzaileek.

Urtarrilaren 19an Nazio Batuen Erakundeak proiektua gaitzetsi zuen, Hondurasko emakumeen eta neskatoen sexu eta ugalketa eskubideen arloan etorkizunean izan litezkeen aurrerapenak oztopatuko dituelako.  "Lege-proiektu hau kezkagarria da. Emakumeen oinarrizko eskubideak betetzeko urratsa egin beharrean, herrialdea atzera egiten ari da ", adierazi dute NBEko hainbat adituk ohar batean.