argia.eus
INPRIMATU
Hondeamakinek Aroztegitik alde egin dutela ikusita, “garaipena ospatu” eta kanpalekua utzi du Aroztak-ek
  • Aroztak herri ekimenak apirilaren 16an abiatu zuen Lekarozko proiektuaren aurkako kanpaldia, obrak geldiarazteko helburuarekin. Tex enpresaren makinek alde egin dutela ikusita, ekimena amaitutzat eman dute. "Borroka luze honetan ospatzeko moduko garaipena" dela adierazi dute, baina ez dutela etsiko "udalez gaindiko eragina duen plan hau alde batera gelditzea lortu arte".

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 29a
"Ez gara zozoak, badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko", adierazi dute Aroztak-eko kideek.

Aroztak mugimenduko kideek egunotan jasotako babesa nabarmendu dute: "Elkartasun olatu batek babesa eta indarra eman digu, Lekarozko herritik hasita, Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatuz. Saretzeko eta gure borroka indartzeko balio duten harremanak sendotu ditugu, txikizio hau gelditzen ari garen bitartean".

"Nafarroako Gobernuari, Palacio de Aroztegia S.L. enpresari eta bere konplize den Tex enpresari argiki adierazi nahi diegu hemen herriak agintzen duela eta heldu dena heldu dela ere, inposizio honen aitzinean beti edukiko gaituztela parez pare", diote. "Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara, eta berriz ere geldituko dugu".

Maiatzaren 15ean, manifestazioa Elizondon

"Indarrak maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioan" jarriko ditu orain Aroztak ekimenak. 17:30ean hasiko da, Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu! lelopean. Lehenago, larunbat honetan, herriko gazteek hainbat ekitaldi antolatu dute Lekarozko plazan.