argia.eus
INPRIMATU
Pertsona bat kateatu da Getxoko Tosu landan, lanak eragozteko
  • Hesia eraikitzeko lanetan ari dira hondeamakinak. Herritar bat lurrean etzan eta kateatu egin da. Herritarrei bertara joateko eskatu diete asanbladako kideek. Astelehenean sartu ziren berriz hondeamakinak Tosun.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 28a
Arg: Tosu Betirako

Itzuli dira hondeamakinak Tosura. Urriaren 17an landa hustu eta bertan zegoen etxola eraitsi zuten zenbait langilek, Ertzaintzak lagundurik. Hortik lau egunera ordea, herritarrek berriz landa eremura sartu eta Tosu berreskuratu zuten. Ordutik etengabeak izan dira mobilizazioak, ekimenak, kontzertuak… Etxola berria ere eraiki dute, eta etxola horretan herritar bat erroldatzeko prozesua abiatu dute.

Atzo ordea, berriz langile talde bat agertu zen Tosun, Ertzaintzak lagunduta, obrak hasi ahal izateko harresi bat eraikitzera. Hondeamakinak Andra Mariko lurretan sartu eta hesirako lubakia egiteari ekin zioten. Orain arte, obrak lursailaren zati bat hartzea aurreikusten bazuten ere, langileek Tosu Betirako asanbladako kideei adierazi zieten obrak oraingoan landa osoa hartuko duela.

Langileen arabera, Eusko Jaurlaritza hitzezko akordio batera iritsi da Viviendas Vizcaya-rekin; alegia Tosu eta inguruko beste zenbait partzelaren jabearekin. Etxola berria botatzeko asmoa dutela ere aurreratu zuten langileek. Asanbladako kideek ohartarazi zieten herritar bat etxola horretan erroldatzen ari dela eta beraz legez kanpokoa dela berau botatzea. Momentu horretan ordea, udaltzaingoaren patruila bat gerturatu eta etxolan bizi den pertsonari jakinarazpen bat eman zion, erroldatze eskaera baliogabetuta dagoela adierazten ziona.

Tosu Betirako asanbladako kideen esanetan, erroldatze eskaera ukatzeko erabilitako argudioa faltsua da, alkateak argudiatu baitu Tosun ez dagoela etxolarik. Asanbladakoen ustez horrelako argudioek “udal gobernuaren jokaeran prebarikazio zantzuak” erakusten dituzte. Obrak gelditzeko lanean jarraituko dutela gaineratu dute, “Andra Mari auzoa urbanizatzeko lehen pausoa” baita euren ustez.

Herritar bat kateatu egin da

Goizean goizetik hondeamakinak Tosuko landa inguratzeko hesia eraikitzen ari ziren. Herritar bat lurrean etzan eta kateatu egin da obra horien aurka protesta egiteko. Tosu Betirako asanbladak herritarrei dei egin die landara hurbildu daitezen.