argia.eus
INPRIMATU
Hondeamakina Iruña-Veleian

Tomas Elortza Ugarte 2024ko otsailaren 14a

Arkeologia eta aztarnategia lotzen ditugunean honelatsuko irudi bat etorriko zaigu burura: hainbat pertsona lurrean eserita, paleta edo eskuilaz lurra pixkanaka harrotzen eta garbitzen, inguruko esparruak sokaz mugatuta, eskorgaren bat eta bahea, neurgailua… Horrela ikusi ditugu Irulegin eta Iruña-Veleian, Eliseo Gilen garaiko argazkietan.

2010etik hona beste metodo bat nagusitu da I-Vko aztarnategian: hondeamakina. Ikusi, bestela, "Destrozando Iruña-Veleia" eta "Kereila suntsiketagatik" bideoak.

Zer helburu dute hondeamakina erabiliz egindako lanok? Zaila ikusten dut lan arkeologiko txukun bat egin ahal izatea. Estratigrafia eta egitura originalak errespetatzen al dira? Informazio baliagarria eman dezaketen objektu arkeologiko txiki eta ertainak jasotzen al dira: zeramikazko piezak, txanponak, metalezko eta beirazko gauza txikiak, pertsona nahiz animalien hezurrak, ikatz zatiak...? Behin bere lekutik atera eta zakar pilatan lurrarekin nahastuz gero, balio osoa galtzen dutela badakigu.

Zer helburu dute hondeamakina erabiliz egindako lanok? Zaila ikusten dut lan arkeologiko txukun bat egin ahal izatea. Estratigrafia eta egitura originalak errespetatzen al dira?

Eliseo Gil eta bere taldeak milaka ‘artefaktu’ atera zituen I-Vko aztarnategitik, tartean oraindik behar bezala analizatu gabe dauden grafitoak, baina baita ‘Bibat’ museo arkeologian ikusgai dauden hainbat objektu ere, gure historiaren testigu. Diru publikoaz eta Europako diruaz baliatuta hondeamakinekin lan egitea erabaki dutenek ziurtatu al dezakete ez dutela ezer baliozkorik hondatu?

Paradoxa galanta da gertatzen ari dena: Eliseok grafito batzuk ‘faltsutu’ omen zituen hautsitako zeramikazko puskatan, animalien hezurretan, adreilutan eta beirazko piezatan, denen artean otarre bat ere beteko ez luketenak. Hori dela eta, kristoren iskanbila sortu zen, ‘Iruña-Veleia auzia’ deitzen dena, Arabako Ondare Historikoari kalte konponezina egiten zitzaiolakoan, “un daño irreparable”. Orain milaka metro kubiko lur inolako begirunerik gabe mugitzen dira eta ez da ezer gertatzen, lau katuren protesta baizik, 28an egin den manifestazioa tartean.

Ala turismoari begira ari dira? Idatzita baitago, beste egitasmo batzuen artean, turismoarena ere. Zalantzarik gabe, merezi du Iruña-Veleia ikusgai jartzea. Azkarregi eta modu ezegokian ari direlakoan nago. Hitz egin bezate arkeologoek, historialariek, zientzialariek, unibertsitateek, zaleek...

Tomas Elortza Ugarte