argia.eus
INPRIMATU
Hondartzetatik salbuespenezko espetxe politikaren bukaera exijituko du Etxerat-ek
  • Abuztuaren 2rako hondartzetan jarri du hitzordua Etxerat-ek, salbuespenezko espetxe politikaren behin betiko bukaera exijitzeko.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 29a

Urtero bezala, aurten ere hondartzetan jarri du hitzordua Etxerat-ek, salbuespenezko espetxe politikaren behin betiko bukaera exijitzeko. Abuztuaren 2an finkatu du hitzordua Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartzetan –hondartzak zerrendaturik, albiste bukaeran–.

"Bada garaia"

"Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko, eta bizirik eta etxean nahi ditugulako", Etxerat-ek berriro ere errepikatu duenez. COVID-19aren testuinguruan "urte korapilatsua" izan dela dio elkarteak: "Alarma-egoera deklaratu eta bost hilabete igaro dira eta ezjakintasun, segurtasun eza eta kezka egoera hau jasanezina da".

Hori horrela, salbuespen neurrien bukaera eta presoen Euskal Herriratzea exijituko dute hondartzetatik. Euskal gizarteak "konponbidean eta bakean, bizikidetzan aurrera egin nahi" duela entzunaraziko dute, argi utziz ondokoa: "ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea".

Horra Etxerat-ek jarritako hitzorduak:

- Bizkaia: La Arena, Laga, Laida, Lekeitio, Ondarru 12:00; Bakio 12:30; Ea eta Laidatxu 13:00.

- Gipuzkoa: Donostia, Hondarribia, Mutriku, Orio, Zarautz, Deba 12:00.

- Lapurdi: Hendaia, Donibane Lohitzune 12:00.