argia.eus
INPRIMATU
Hondartza eta maskara, biak nahi ditu uztartu Italiako turismo sektoreak
  • Europako konfinamendurik luzeenean murgildurik dago Italia; sei aste daramatza estatuak itxita, zortzi zenbait probintziak. Jendarteak onartu ditu jada Italiako Gobernuak ezarritako neurriak, eta orokorrean, erantzun egokia eman die. Baina, zer gertatuko da eguzkiaren eta itsasoaren deia jasotakoan?

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 20a
Maskarak eramatea derrigorra izango da Italiako hondartzetan. Argazkia: El Mundo.

Mediterraneo itsasoak bustita, Italiako udek zerikusi zuzena dute hondartzarekin, eguzkiarekin eta beroarekin. Aurtengo uda desberdina izango dela argi duten arren, zenbait enpresa proposamenak plazaratzen dabiltza, segurtasun neurriak mantenduz udaz gozatu dezaten.

Estatu barruko mugimenduak bultzatzea izango dute helburu turismo sektoreko enpresek, ekainetik urrira arteko uda luze baten -proposamen bera egin du Eusko Jaurlaritzak, uda hau "Euskadi berriz deskubritzeko aukera" dela adieraziz-. Konfinamendu garaian dauden neurrien antzerakoak martxan jarraitu beharko dutela adierazi dute sektoreko bozeramaileek: etxean geratzeko deia egin diete italiarrei, hondartzara joatekotan etxetik hurbilen dagoenera joateko, eta garraio pribatua hobesteko. Maskaren erabilera, orain arte bezala, derrigorrezkoa izango da.

Hondartzetako langileek lekua seguru bilakatzeko neurriak hartuko dituztela adierazi eta hainbat proposamen plazaratu dituzte; hala nola, besteengandik babesteko kabinak, dutxetarako tunelak, hondartzetako tabernetako produktuak langileek banatzea, jende pilaketak kontrolatzea, etab.

 

 

 

Italiako enpresa batek hondartzetan distantzia soziala mantentzeko proposatutako neurria. Argazkia: El Periódico.

 

 

 

Esperoan

Ziurgabetasun garaiak dira, eta inork ez daki neurri horiek martxan jarri ahalko diren. Turismo sektoreko guztiak ez datoz bat neurri horiekin, eta zenbait probintziatako agintarik denboraldi turistikoari baiezkoa eman badiote ere, zenbait sorosle ez dira lan egitearekin bat agertu txertoa prest egon arte.

Hondartzak zabaltzea ez da gauza ziurra oraindik, eta zabaltzen badira ere segurtasun neurri zorrotzak mantendu beharko dituzte. Enpresarien esperantza ekainerako kutsatu berriak kontrolpean izatea da, horrela mobilitatea nolabait erraztu baitezake gobernuak.

Floridako biztanleak, dagoeneko, hondartzan

Bestelakoa da errealitatea ozeano Atlantikoaren beste aldean, Floridan (AEB). Bertako gobernadore Ron DeSantis errepublikarrak estatuko zenbait hondartza zabaltzeko baimena eman du. Estatuan 726 pertsonak galdu dute bizia koronabirusagatik, baina hondartzetan segurtasun neurriak mantenduta, kutsatzeak haziko ez direla dio gobernadoreak.

Floridako biztanleek “aire freskoa” behar dutela esan du DeSantisek, eta hondartzetara “era on batean” joateko eskatu die. Baimenduta daude, beraz, hondartzan ibiltzea, surf egitea, igeri egitea, kirola egitea eta maskotak paseatzea, betiere besteekiko distantzia mantenduz.

Hondartzek ordutegia izango dute; goizeko 6retatik 11etara eta arratsaldeko 5etatik 8etara. Biztanleek debekatuta dute eguzkia hartzea edota toalla jartzea, baita bertan jatekorik prestatzea eta hamar pertsonatik gorako jende pilaketak egotea.

 

 

 

Floridako hondartza bat konfinamendu garaian. Argazkia: RT.