argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Udalak aitortza egin die Asturiagako hondartzan hildako bi biktimei
  • Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".

Alaine Aranburu Etxegoien Oarso Bidasoko Hitza @oarsobidasoa 2024ko maiatzaren 21

Errefuxiatuta zeuden Roke Xabier Mendez Villada Poeta 21 urteko santurtziarra, eta Jose Luis Mondragon Moriko 27 urteko arrasatearra, astelehenean, duela 50 urte, hil zituzten Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Asturiaga hondartzan egindako segadan.

Astelehenean Hondarribiko Udalak adierazpen instituzional baten bitartez aitortu du segada batean hil zituztela, eta gaineratu dute “argi” dutela ez zela inoiz gertatu behar. Bi biktimen familiari babesa adierazi diote, baita barkamena eskatu ere: “urte guzti hauetan Hondarribiko Udaletik behar besteko babesik jaso ez dutelako”.

Lekuan bertan jarritako oroigarria.

Iragan asteburuan egin dute Asturiagan omenaldia, urtero lez, eta bertan oroitu zuten Poeta-ri biktima izaera onartu diotela. Bide horretan, udalak eskatu du “epe laburrean” Moriko ere biktima bezala aitor dezatela. Azken honen familiak eskaera egina dauka, baina Poeta-ren familiak egin baino beranduago. Beraz, egun, Ebaluazio Batzordea kasua baloratzen ari da.

Udalak gertakariak argitzeko hasitako bidean jarraitzeko konpromisoa hartu du ere, eta hori hala izan dadin, behar diren baliabide guztiak jarriko dituztela azaldu dute, “egia jakin dadin”. Era horretan, Aranzadi Zientzia Elkarteak hasitako txostena bukatzeko eta gizarteratzeko konpromisoa beregain hartu du Hondarribiko herriko etxeak.

Azkenik, memoria kolektiboa osatzeko herritar guztien elkarlana “ezinbestekoa” dela adierazi dute. “Gertatutakoaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz gerta ez dadin baldintzak eraiki behar dira. Izan ere, iragana ezin da etorkizuneko bizikidetzarako oztopo izan”.