argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko alarde parekidearen kontrako jazarpenak koska bat gora egin du
  • Emakumeek gizonen baldintza berdinetan desfilatu dezaketen Jaizkibel Konpainiari izugarrizko jazarpena egin diote alarde diskriminatzailearen aldekoek larunbatean.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko irailaren 10
Antxeta Irratiko kazetari bati telefonoa kendu zioten alarde diskriminatzailearen aldekoek, Jaizkibelen aurkako jazarpenaz informatzen ari zenean (argazkia: El Pais).

"Betiko alardea" jartzen zuten kartelak, plastiko beltzak, txiribituak eta bozgorailuak eskuartean hartuta prest egon ziren bezperako goizetik alarde parekidearen aurkakoak, Jaizkibel Konpainiaren desfilearen aurka protestatzeko.

700 kidez osatutako alarde parekidearen desfilea 8:00etan Oihana Etxebarrieta kapitain zuela Kale Nagusian sartu zenean, desfile baztertzailearen aldekoek giroa nahasi zuten. Jaizkibel konpainiako kideek minduta bukatu zuten: “oso gogorra” izan dela azaldu zuen Etxebarrietak.

Arratsaldeko desfilean ere egoera berdintsua izan zen Kale Nagusian. Goizean bezala, plastiko beltzak, kartelak eta oihuak nagusitu ziren. Kalean gora abiatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak plastiko beltzen aurka egindako ebazpena betetzeko eskatu zioten Ertzaintzari Jaizkibeleko hiru kidek. “Zuek baino hobeto dakit zer egin behar dudan”, erantzun zien poliziak. Hala ere, gaineratu zuen, ebazpena bete ez dutenei isunak jarriko dizkietela.

Asko dira Jaizkibeli babesa erakutsi diotenak

Nahiz eta udaltzainek berehala kendu, mugimendu feministak, “alardea feminista izango da edo ez da izango” zioen pankarta zintzilikatu zuen, Jaizkibeli babes keinu gisa.

Izaskun Landaida Emakundeko Zuzendariak aitortu duenez, “benetan tristea izan da ikusi behar izan duguna; Jaizkibel desfilatzen, neskak negarrez”.

Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak adierazi duenez, larunbatekoak "nabarmen uzten du elkarbizitzaren aldeko lan izugarria dagoela egiteko; izugarria, oraindik ere".