argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren lagunak solasean jarri dituzte dokumental batean
  • Hondarribiko Jaizkibel konpainiak Aurrera Egin Badugu dokumentala ondu du, "konpainiaren historia Euskal Herriko eta munduko mugimendu feministen parte" dela erakutsiz. Elkarrizketa formatuan egindako solasaldi batzuk biltzen ditu lanak.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 26a

Julen Hernandez Esnaolak zuzendatutako Aurrera Egin Badugu dokumentalean Hondarribiko Jaizkibeleko hiru kide (Arantxa Urretabizkaia, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta), Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner mugimendu feministako kidea eta Itziar Ituño aktorea elkarrizketatu dituzte, "ikuspuntu zabalak, askotarikoak, ezberdinak" jasotzeko. Jaizkibel Konpainiaren historia, "Euskal Herriko eta munduko ugimendu feministaren parte txiki bat dela" eta hainbat udalerrik "emakumeen parte hartze parekidearen bidean" urratsak eman dituztela jakitun, lan honen bidez ikasteko asmoa adierazi dute.

 

"Aurrera egin dugu urte hauetan, berdintasunaren aldeko borrokalariei esker. Elkarrengandik ikasi dugu eta elkar babestuz egin dugu aurrera" diote Jaizkibel konpainiako kideek eta, hain zuzen, hori da biltzen saiatu direna dokumentalean. Hausnarketarako tresna izatea nahi dute, "parean dugunaren aitortza".

Martxoaren 5ean estreinatuko dute Hondarribiko Itsas Etxea aretoan arratsaldeko 19:00etan. Horren ondotik Irunera, Donostiara, Gasteizera, Bilbora eta Madrilera ere eramango dute dokumentala. Martxoaren erdialdean dokumentala online jarriko dute herritar guztien eskura.