argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko EAJk blues jaialdia erabili zuen Montai taldeari etekina emateko, Abotsanitzen arabera
  • 2012az geroztik enpresa honek Udalari lehiaketa publikorik egin gabe eskaintako zerbitzu prestazioen truke, Udalak 2 milioi euro inguru ordaindu duela salatu izan du oposizioko udal taldeak. Eta Blues Festibalaren kasua, MONTAIk duen fabore tratuaren adibide garbia dela dio orain. Diotenez, lanak "nahierara" eskaini izan zituen Udalak, eta lanak zatikatu egin omen zituen Udalak, kontratazio mahaia deitu gabe baimentzen den legezko muga ez gainditzeko.

2020ko urtarrilaren 21a

Oroitarazi beharra dago 13 urtez ospatu izan zen Blues Jaialdia ekimen pribatua izan zen hastapeneko urteetan, baita 2018ko azken edizioan ere. Baina 2015etik 2017ra bitartean, Udalak hartu zuen festibalaren antolaketa. Eta urte horietan Udalak jaialdirako karpa, eszenatoki eta instalazioen lanak Montai enpresa taldeari modu irregularrean esleitu zizkiola salatu du Abotsanitzek.

Are gehiago, Abotsanitzek helarazitako txostenak dioenez, 2015ean Montaik 60.500 euro fakturatu zizkion udalari bost fakturen bitartez. 2016an, 53.282 euro fakturatu zituen, eta azkenik, 2017an, 51.058 euro fakturatu zituen.

Azken ekitaldi horretan gainera, falta larri bat egon zela salatu dute. Izan ere, lanak Montaik jaso bazituen ere, honek gero Asturiaseko Grupo La Karpari azpikontratatu zizkion.

Igor Enparan Abotsanitzeko kidearen hitzak.