Hondarribiko Alardearen harira herrian aurten bizi izan den tentsioa garbi islatu du Igor Enparan alkateak, hondarribiar guztiei bidali dien eskutitzean. "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko elkarbizitza gaiztotzeko, min egiteko. Txistuak entzun ditut, irainak, mehatxuak… Norbaitek ere jotzeko ahalegina egin du", dio.
Urte luzez EAJk gobernatu duen herrian, Abotsanitzek hartu zuen iaz lekukoa, eta horrek aldaketa batzuk ekarri ditu Hondarribiko jaien egun handian. Lehen aldiz, Jaizkibel konpainia parekideak udal baimena izan du konpainia gisa desfilatzeko, eta lehen aldiz aitortu zaio Alarde tradizionalaren ibilbidea –leku beretik abiatu da eta Kale Nagusian behera amaitu ahal izan du desfilea–.
Alarde tradizionaleko bat baino gehiago haserretu da urrats horiengatik, eta horren lekuko da konpainia tradizional guztiak nahita berandu iritsi zirela desfilea hasten den lekura, Jaizkibel konpainia parekidearekin bat ez egiteko. Orain, egun horietan alkateak berak bizitako tentsioa eta herritar batzuen aldetik jasandako "gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina" jakinarazi die Hondarribiko herritarrei, etxe guztietara bidali duen eskutitzaren bidez.
"Gezur borobila da, ez zait burutik pasa ere"
Eskutitzean kontatu du urte osoan zehar hainbat eragilerekin elkarrizketak egin dituela, adostasunak bilatu nahian: "Alardea hondarribiar guztiok batera baina ez elkarrekin ospatuko genuela partekatu genuen". Aldiz, adostasunetik urrun ospatu dituzte jaiak Hondarribian. Honela azaldu du alkateak: "Agian lankideren batek esan dizu alkateak Alardearekin zerikusia duten ekimenak debekatzea erabaki zuela. Ez da egia (…) Beste faltsukeria hau ere esango zizuten akaso: irailaren 7an debekatu nuela HAOSEren [Alarde tradizionalaren] sarrera Arma Plazan. Hori ere gezur borobila da; horrelakorik ez zaidalako ezta burutik pasa ere. Edo entzun duzu eragileak ez nituela berdintasunez tratatu. Agian gaiztakeriaz esan dizute tabernek gauerdian itxi behar zutela, baina hori ere ez da egia izan inoiz, azken urteotako ordutegien baimen berberak eman baitira".
Giro horren barruan, txistuak, irainak, mehatxuak eta baita jotzeko saiakera bat ere jasan ditu alkateak, eskutitzean aipatu duenez. Hala ere, "zuetako askoren babesa ere jaso dut eta animo-mezuak amaigabeak izan dira", nabarmendu du.
Alardearen auzia konpondu nahian bide beretik jarraituko duela esanez bukatu du eskutitza, "hondarribiar guztion artean Alardea bizitzeko akordio bat topatzeko asmoz".
Aurtengo Hondarribiko Alardearen berri eman genuen ARGIAn:
Uxoa Anduaga: "Orain arte alarde baztertzaileak okupatuak zituen espazioak partekatzen hasi beharko dira"