argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Alarderik gabe, amabirjinaren botoa bihurtu da bazterketarako gaia
  • Plastiko beltzik ez da ikusiko aurten Hondarribiko kale nagusian, koronabirusak eragindako egoerak irailaren 8ko desfilea bertan behera uztera derrigortu baitu. Baina emakumeek Alardean parte hartzearen aurkakoek Jaizkibel konpainia parekidea baztertzeko beste leku bat aurkitu dute: Guadalupeko amabirjinaren botoa. 

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko irailaren 07a
Jaizkibel konpainia parekidea iazko Alardean.

COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, irailaren 8an ez da Alarderik egingo Hondarribian eta bazirudien azken hamarkadetan herria zatitu duen auziak aurten su-eten txiki bat biziko zuela. Igande honetan desfile baztertzailea antolatzen duen Alarde Fundazioak argitaratutako oharrak, ordea, erakusten du jaiak beren adierazpen txikienera murriztuta geratu direnean ere, emakumeen parte hartzearen aurkakoek ez dutela espaziorik partekatu nahi Alarde parekidearen aldeko pertsonekin. 

1638an herriak jasan zuen setioan hondarribiarrek egindako promesa berrituz, urtero Guadalupeko amabirjinari botoa egiten zaio haren santutegian. Alarderik egingo ez den arren, ekitaldi hori mantentzea erabaki du Hondarribiko Udalak, jaiekin lotutako beste zenbait ekitaldi erlijiosorekin batera; hori bai, ermitaren inguruan izaten diren jende-pilaketak saihesteko neurriak hartuz. 

Astearte honetan egingo da, 11etan, baina Alarde Fundazioak iragarri duenez, beraiek ez dute parte hartuko, pentsatzekoa denez, Jaizkibel konpainia parekideko kideak ere han izango direlako.

Horren ordez, egun berean 9:30ean euren boto pribatua egingo dutela iragarri du Alarde Fundazioak Facebook bidez zabaldu duen ohar batean. “Hondarribiko herriaren ordezkari gisa” egingo dutela adierazi dute eta ekitaldi motza izango dela, zuzenean emititzeaz gain, ondoren ikusi ahal izateko grabatuko dutena. 

Bere aldetik, Jaizkibel konpainiak, emakumeek gizonen pare desfilatzen duten Alardeko konpainia bakarrak, adierazi du azken hamabost urteetan bezala boto ofizialean parte hartuko duela, “herritar guztion ordezkari den udalarekin batera”.