argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Alardearen berri ematen ari ziren kazetarien aurkako erasoak salatu ditu Hekimenek
  • Euskal hedabideen elkarteak “elkartasun eta babes osoa” adierazi die joan den larunbatean Hondarribian lanean ari zirela erasoak jasan zituzten kazetariei.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 11
Antxeta Irratia medio euskalduneko kazetaria (hondoan, zuriz) da Hondarribian erasoa jasan zuenetako bat.

“Hekimenentzat onartezinak dira hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak...), eraso horiekin kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egiten zaielako”, dio elkarteak prentsari bidalitako oharrean.

Gainera, “informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bera ere erasotua gertatu zen larunbatean” Hekimenen ustez, Antxeta Irratiko eta Berria egunkariko kazetariak baitaude kaltetuen artean.

Oso larritzat jo du Hekimenek erasoak gertatu ziren unean Ertzaintzak neurririk hartu ez izana, “ordena publikoaren ardura bere gain” zutenak haiek polizia autonomikoko agenteak zirela kontuan izanda.

“Berriro ere honelakorik gerta ez dadin eta kazetariek beren lana berme guztiekin egiteko aukera izan dezaten hartu beharreko neurriak hartzeko” eskatu du Hekimenek.