argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Alardean kazetariek jasandako erasoak salatu ditu Kazetarien Euskal Elkargoak
  • Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak "babes osoa" adierazi diete Antxeta Irratiari eta bertako kazetari eta kide guztiei, joan den larunbatean Hondarribiko Alardearen berri ematen ari zen kazetariak "Alarde Baztertzailearen fanatiko baten eskutik" jasandako erasoagatik.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 10a
Alarde diskriminatzailearen aldeko kide bat, Diario Vascoko argazkilariari eraso egin aurretik (argazkia: Fernando de la Hera).

Elkargoak salatu duenez, "kazetaria alardearen berri ematen ari zela Alarde Baztertzailearen defendatzaile bat gerturatu eta irainen artean kazetariari bere eskuetatik lanerako tresna den mugikorra kendu eta lurrera bota zion".

Ez zen larunbatean prentsa-askatasunak jasan zuen eraso bakarra izan, oharrean irakurtzen denez. "Beste hedabide batzuetako zenbait lankidek ere hala nola, Berria, EiTB edota Diario Vascok jasan izan zituzten erasoak publikoaren aldetik: kamarak estali, bultzatu, iraindu, lanerako materiala kentzen saiatu edota lana ongi egitea ekidin".

Bi erakundeen ustez, "onartezina" da "hedabideak eta bertako kide zein langileak ez errespetatzea beraien lana egiten ari direnean. Kazetarien lana, eta kazetari beraiek, gizarte demokratiko eta partehartzaile bat bermatzeko ezinbestekoak dira, eta biztanleen oinarrizko eskubideak bermatzeko behar-beharrezkoak: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna zein iritzi kritiko propioa eraikitzeko eskubidea".

Instituzioei ere zuzendu diete mezua Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak, "bereziki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari": kazetaritzaren ogibidearekin konpromisoa eskatu diete eta komunikazio arloko lanetan ari diren kazetariak babesteko eta defendatzeko konpromisoa eskatu diete.