argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Alardea berdintasun problema dela gogorarazi dio Jaizkibelek Gipuzkoako Foru Aldundiari
  • Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekideko ordezkariak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordean izan dira astelehenean Podemos-Ahal Duguk eskatuta eta salatu dute atzerapausoak eman dituztela instituzioek legegintzaldi honetan, Alardearen gatazka konpontzeko bidean.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 09a
Jaizkibel Konpainiako kideak Batzar Nagusietako Berdintasun batzordean (argazkia: Jon Albizu).

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabaki batekin agertu da bereziki kritiko Jaizkibel: Alardearen afera Berdintasun sailetik Bizikidetza sailera aldatzera erabaki zuen Markel Olano buru duen instituzioak eta konpainia parekidearen ustez, erabaki horren ondorioz egoera “gordindu” egin da. Gainera, Diputazioak Jaizkibelekin izan duen komunikazio falta ere nabarmendu dute agerraldian.

Patricia Gete Podemos-Ahal Duguko batzarkideak ere antzeko iritzia azaldu du, adierazi duenez Alardeko gatazka elkarbizitzaren eremura eramateak liskarrak areagotzen lagundu duelako. “Ezin dira bi posizioak berdintzat hartu, ezta errespetu bera merezi dutenik ere, horietako batek emakumeei parte hartzen uzten ez badie”, gaineratu du Getek.

EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak berriz, nabarmendu du erakunde publikoei egitea dagokien bakarra “berdintasunaren alde lan egitea” dela eta borondate politikoa ezinbestekoa dela gatazkari soluzioa emateko.

EAJko Zorione Etxezarragak ordea, esan du Hondarrian urtero gertatzen dena “elkarbizitza arazo argi bat” dela eta “bi sentsibilitateei” dei egin die, “alardea ulertzeko bi moduei”, problema konpontzeko beharrezko neurriak har ditzaten.