Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Hondarribiarentzat zer nahiago luketen galdetuta, herritarren artean inkestatuen %45,6k berdintasunezko alarde bakarra nahiago dute beste hainbat aukeren aurrean: bi alarde independenteren aukera %18,4k babestu dute eta alarde tradizional bakarrarena %15,7k, esaterako. Gainera, egunen batean alarde parekidean edota alarde tradizionalean parte hartzeko aukera emanez gero, inkestatuen %55,8k lehen aukeraren alde egingo lukete.
Urte luzez EAJk gobernatu ondoren, 2023an Abotsanitzek hartu zuen Hondarribiko Udalaren lekukoa. 2027 urtera arteko agintaldiaren planean sartu zuten "herritarren arteko elkarrizketa dinamikei heltzea", eta horren baitan azaroan herritarrei zuzendutako alardearen inguruko iritziak, pertzepzioak eta jarrerak jasotzeko telefono bidezko 400 inkesta egin ziren.
2024ko irailaren 8an, lehen aldiz Jaizkibel konpainia parekideak udal baimena izan zuen konpainia gisa desfilatzeko, eta alarde tradizionalaren ibilbidea aitortu zitzaion. Beraz, leku beretik abiatu behar ziren bi konpainiak, baina, Jaizkibelekin bat ez egiteko, alarde tradizionalak bere ohitura apurtu eta hogei minutu berandu ekin zion desfilatzeari.
Inkestaren emaitzak osorik zintzilikatu ditu Udalak, lotura honetan.