argia.eus
INPRIMATU
Hondarribian “legez kanpo botatako basoa” lehenbailehen berreskuratzeko eskatu dute
  • Makro-outlet bat eraikitzeko Hondarribiko udal gobernuak abiatu zuen Plan Orokorra bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta horren aurretik ere, gune horretan zegoen haltzadia babesteko oharra egina zuen Jaurlaritzak. Aldiz, lau hektarea hartzen zituen haltzadia bota zuten, merkataritza gune erraldoia helburu. Orain, haltzadia berreskuratzeko eskatu du Eguzkik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 06a

Hondarribiko EAJ bakarrik geratu zen Zaldunborda deituriko eremuan makroproiektua aurrera ateratzeko asmoan, gainerako alderdien oposizioarekin eta herritar eta merkatari ugariren kritikapean. EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua bertan behera utzi aurretik, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak esana zuen tentuz ibiltzeko eta Zaldunbordako haltzadia zaintzeko, Aiako Harria eta Jaizkibel artean dagoen korridore ekologikoaren parte izanik. “Tentuz ibili ordez, bota egin zuten, erabat bota”, salatu du Eguzki talde ekologistak, hondeamakinek egindako sarraskia gogoan.

Eguzkik, gainera, nabarmendu du Hondarribirako tramitatzen ari diren Plan Orokor berrian Ingurumen Sailak zentzu berean egin duela oharra: zuhaitzak bota zituztela-eta, lehenbailehen neurri zuzentzaile eta orekatzaileak eskatu ditu, suntsitutako basoa eta funtzio ekologikoa berreskuratzeko.

Atentatu ekologikoen zigorgabetasuna

Basoa berreskuratzeko eskatzeaz gain, bestelako gogoeta bat ere egin du Eguzkik: merke ateratzen zaizkio administrazioari ingurumenaren kontrako erasoak. Protesten erdian bota zituzten zuhaitzak, ez ezkutuan, eta beraz “atentatu ekologiko hori eragotz zitekeen”, baina “administrazioak oso pasiboak eta permisiboak dira ingurumenaren kontrako erasoen aurrean”.

Zigorgabetasunaz ere mintzo da talde ekologista: ireki al da espedienterik? Haltzadia bota izana arina, larria ala oso larria ote den kalifikatu al da? Garbi du Eguzkik: "Ezin du zigorrik gabe geratu”.