argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiako alkateak Zaldunbordari baietza eman dio
  • Zaldunborda deitu afera atera da berriz ere plazara, Hondarribian. Bidasoako Hitza-k aditzera eman duenez, Eusko Legebiltzarrak merkatari txikien babeserako legea onartu bezperan Hondarribiako alkateak Zaldunborda proiektuari argi berdea eman dio. Oposizioak ez dezala egitasmoa babestu eskatu dio.

     

Oarsoaldeko Hitza 2019ko uztailaren 05
Zaldunborda Gainean garbiketa lanetan aritu izan dira.

Iragan ostegunean EAEko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen merkatari txikiak babestea helburu duen Merkataritza Jardueraren Legearen erreforma. Lehenago, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk “Merkataritza gune handi berririk ezingo da ireki herri eta hiri handien inguruetan Euskal Autonomia Erkidegoan. 30.000 biztanletik gorako hirien periferian 2.500 metro koadrotik beherakoak izan beharko dira, eta herri txikiagoetan are txikiagoak” zioen lege proposamena aurkeztu zuten. EAJk eta PSE-EEk ere alde bozkatu zuten.

Hondarribiako EAJk Zaldunbordan eraiki nahi duen outlet herrixka sortu ezin da eraiki legearen arabera. Alabaina, Hondarribiako alkate Txomin Sagarzazuk aurre hartu dio Legebiltzarrari, eta, oposizioarekin kontsultatu gabe –eta alkate dekretuz– Zaldunbordarako Plan Partzialaren hasierako tramitazioa gauzatu ahal izatea onartu zuen joan den asteazkenean, Gasteizko Legebiltzarraren saioaren bezperan.

Oposizioaren erantzuna berehalakoa izan da, oso haserre. Udaleko beste hiru udal taldeek, Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk atzera egiteko esaktu diote alkateari. Txomin Sagarzazuk honela esan zuen kargu hartze egunean; “Hondarribiar guztien alkatea izatea da nire erronka, hondarribiarrekin eta hondarribiarrentzat. Eta erronka horri, erantzukizunez ekingo diot: hitz eman dut arretaz, gardentasunez, dedikazioz eta ilusio osoz beteko dudala. Eta elkarrizketa erabiliko dut tresna nagusi modura”.

Agintaldia hasi orduko bukatu zaio oposizioari alkatearekiko konfiantza.