argia.eus
INPRIMATU
85 urteko espetxe zigorra eskatu dute Hondarribiko surf irakasle erasotzailearentzat
  • 11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 10
Gipuzkoako Lurralde Auzitegia. hirutxulo

9 eta 17 urte arteko 11 adin txikikori sexu gehiegikeriak egiteagatik eta haur pornografiako edukiak izateagatik epaituko dute Hondarribiko surf irakaslea. Martxoaren 10ean hasi da epaiketa Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta martxoaren 21era iraungo du gutxienez. Klaseak eman bitartean egiten zituen erasoak, salaketen arabera; hala jaso du EITBk.

Iruñean beste bi kasu

13 urteko espetxe-zigorra proposatu du fiskaltzak 13 eta 15 urteko gazte biri sexu erasoak egiteagatik. 15 urteko neskatoak lo hartu zuenean, prakak jaitsi eta bortxatu zuen, Noticias de Navarrak jaso duenez. Neskak gelditzeko ahaleginak egin arren, gizonak jarraitu zuen eta gero 13 urtekoari musu bat eman zion.

Epaiketa hilaren 12an eta 13an egingo da. Lehen delituagatik, fiskaltzak 10 urteko espetxe-zigorra eskatu du, erabateko desgaikuntzarekin. Halaber, zigortuari 15 urtez biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora egoteko eta harekin komunikatzeko debekua ezari nahi dio. Bigarren delituagatik, 3 urteko espetxe-zigorra eskatu du, gaitasungabetzearekin batera. Azkenik, 5 urtez zaintzapeko askatasunaren neurria eta 30.000 euroko kalte-ordaina ezarri nahi diote akusatuari.