argia.eus
INPRIMATU
Hondamendia eragin du presa baten matxurak Kurdistanen
  • Diyarbakir probintziako iparraldean, Turkiaren menpe dagoen Kurdistanen, Dicle urtegiko presako ate bat hautsi zen abenduaren 13an eta urak inguru guztia hartu zuen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko abenduaren 20a
Tigris inguruko uholde naturalen araberako ohiturak baztertu eta asetamendu finkoak ezarri dituzte herritarrek, ondorioz presaren matxurak kalte handiak eragin ditu (ar.: Arti Gercek)

Dicle urtegia Turkiako Gobernuaren proiektu hidrologiko handienaren barruan kokatzen da eta Tigris ibaia du iturri; 75 metroko garaierarekin –Esako urtegi handituak 62 metro izango ditu– 595 milioi metro kuboko gaitasuna du. Ekologistak Martxan taldeko Zor Ekologikoko Batzordeak azaldu duenez, abenduaren hasierako euriteen ondorioz urtegiko gainezkabideetako bat irekitzerakoan atea hautsi zen eta ondorioz segundoko 1.600 metro kubo ur askatzen ari da.

Presan beherako herritarrei abisua azkar pasatzeari esker saihestu dute oraingoz hildakorik ez egotea baina Tigris ibaiak 6 metro egin du gora bat-batean eta Diyarbakirreko eremu urbanoan eta inguruko zelaietan kalte handiak eragin ditu, baita ondare arkitektonikoan ere. Jende ugari etxerik gabe geratu da kalean, zero gradu azpiko tenperaturarekin.

Presa egin baina lehen, jendeak Tigris ibaiaren bazterretan bizi ziren uholde naturalen arabera mugituz, haien arbasoen modura. Baina proiektua martxan jarri zenez geroztik, 2000. urtetik aurrera, asentamendu finkoak jarri dituzte, uholderik apenas dagoelako orain.

Mesopotamiako Ekologia Mugimenduak gogor salatu ditu “natura dominatzera bideraturiko” Turkiako estatuaren politikak, “hurrengo egunetan hobeto ikusiko dugu hondamendia nolakoa izan den. Ez dugu presa handirik behar, baizik eta ur hornidurarako soluzio txikiak”, gaineratu dute.

Toki horretatik gertu beste presa bat ari da egiten gobernu turkiarra, Ilisu inguruan, eta are kalte ekologiko, kultura eta sozial handiagoak ekarriko dituela salatu du Ekologistak Martxanek.