"Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistemak" aztertuko dituzte ostiral honetan, azaroak 17, Hobeki udal elkarteak antolatutako jardunaldian, Berastegin. Euskal Herrian orain arte martxan Usurbilen bakarrik dagoen sistema honenen zehaztasunak azaldu eta eztabaidatuko dituzte hemengo eta Kataluniako adituek.
Hondakinen kudeaketa zirkularrean aurreratuenak dauden zenbait udalek osatuta daukate Hobeki Elkartea: Aduna, Antzuola, Anoeta, Berastegi, Berriatua, Donemiliaga, Hernani, Itsasondo, Larrabetzu, Leintz-Gatzaga, Oñati, Oiartzun, Segura, Usurbil eta Zaldibia dira udalok. Denak ere dira hondakinen kudeaketan emaitzarik onenak lortzen dituztenetakoak, tartean Atez Ateko bilketan aitzindari izan direnak.
Beren webean Hobekiko kideek adierazten dutenez, “Euskal Herrian ez dago hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzak bere erara funtzionatzen du, eta etekin politikoa eta ekonomikoa atera nahi izan zaio konpromiso soziala eskatzen duen gai bati. Askotan erabaki eta jardun kontraesankorrak eta okerrak gailentzen dira, unean uneko bulkadei eta interes ekonomiko pribatuei men eginez.” Dinamika horren aurrean beste eraginkor eta jasangarriago bat indartu nahian sortu den Hobekin partaide diren udalek dekalogo batean bilduta dauzkate aurrera egiteko hamar printzipio nagusiak.
Azaroaren 17ko jardunaldiko hitzaldia zentratutako da teknikoki “sortzez besteko tasa” deitzen den eta gaiotan ari diren askok “tasa justua” deitzen dioten horretan. Mundu osoko hainbat erakundetan jada ezaguna den eta gure artean Usurbilen ezarrita dagoen sistemarekin, familia edo enpresa bakoitzak hondakinen bilketa eta kudeaketagatik pagatu beharreko tarifa bi osagaitan banatzen da: zati bat denentzako finkoa da eta besteak fakturatzen du unitate bakoitzak sortutako errefusaren arabera, sarituz hondakin gutxiago sortzen ahalegintzen dena eta ekonomikoki penalizatuz zabor gehien sortzen duena.
Berastegiko saioan, goizeko 10:00etatik aurrera, lehen saioan “Sortzez besteko udal hondakin tasak” aurkeztu eta aztertzen ariko dira hiru aditu:
10:15etik aurrera mintzatuko dira batetik Maria Calaf Form Ingurumen fiskalitatean eta sortzez besteko ordainketa sistemetan aditua, eta bestetik Ioritz Berra Zaldibiako alkatea.
Bigarren zatian jorratuko da “Mankomunitateek udalei kobratzerakoan jarraitu beharreko irizpideak eta kanona”. 11:45etik landa ariko dira Xabier Urdangarin, Sanmarko mankomunitateko lehendakariorde eta Astigarragako alkatea dena; eta Josep Maria Tost i Borrás, estrategia zirkularretan eta hondakinen kudeaketan aditua. Tost i Borrás Katalunian Atez Atekoan ari diren udalen elkartearen lehendakari izana da luzaz eta Kataluniako Hondakinen Agentziaren buru ere bai.