Donostiako Kontxako badian giza katea egin dute irailaren 12an, estropada ospetsuen bigarren jardunaldia baliatuta. Zubietako erraustegiak klima aldaketa bultzatzen duela nabarmendu dute.
Giza katea Alderdi Ederren hasi zen 11:00etan. Handik Kontxako hondartzara jaitsi ziren erraustegiaren aurkako aldarriak pankarta eta karteletan zituztela. Estropadak bukatutakoan, mobilizazioari amaiera eman zioten Alderdi Ederren.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatu zuen giza katea beste hainbat eragileren babesarekin. Antolatzaileek idatzi baten bidez Zubietako erraustegiaren eta erraustearen inguruko hainbat datu plazaratu dute. Aurtengo protestan batik bat klima aldaketarekin lotu nahi izan dute errausketa.
Errausketaren aurkako militanteek beren ekintza goizeko 9:00ak inguruan abiatu zuten, estropaden aurretik Kontxako hondartza bazter batean pankarta erraldoia zabalduz. Aurtengoan, ordea, Donostiako udaltzainek pankarta kendu zuten, horrela eragotziz helikopteroko irudietan Zubietako erraustegiaren aurkako salaketa ikusi ahal izatea.
Gaurko giza katea baino lehen urtero bezala gure aldarriak zintzilikatu ditugu Kontxan. Oraingoan ordea udaltzainak eta ertzainak agertu dira eta pankartak kendu dizkigute. Ondoan zegoen euskal kirol portuak pankartak ordea bere horretan jarraitu du... pic.twitter.com/nEviltUTPN
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) September 12, 2021
Poliziaren presioa ez zen horretan bukatu, ordea, ekintzaileek salatu dutenez. Estropadekin batera giza-katea ere amaitu ostean, EAMeko kideek beren aldarrikapena erakutsi zuten udaletxe atarian, herriko agintariek Arraun Laguneko txapeldunei egindako ongietorri publikoan eta hor kaleko jantzitako Ertzaintzako agenteek identifikatu zituzten protestalariak.
Giza katea bukatuta Donostiako pankartarekin Udaletxe aurrean Arraun Lagunekoen harrera aprobetxatuz.Handik pixka batera ertzainak agertu dira paisanoz kentzeko aginduz. Arrazoiak galdetuta "goiko aginduak" omen ziren. Ea alkateak agindu duen galdetuta "es posible" erantzun dute.
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) September 12, 2021
Errausketaren Aurkako Mugimenduak 2021eko mobilizazioan nabarmendu du Zubietako erraustegiak klima aldaketa bultzatzen duela. Herritarren artean zabaldu zuten idatziak dioenez, Zubietako erraustegiak zabor kilo bakoitzeko CO2 kilo bat sortzen du. Funtzionamendu betean egongo balitz 200.000 tona CO2 isuriko luke. Mugimenduak dio Zubietako daturik ez dutela eta Bizkaikoak eman dituzte: 2019an, Bizkaiko erraustegiak 340.000 kilo nitrogeno oxido isuri zituen, Gipuzkoako turismo diesel guztiak isuritakoaren pare. Deitoratu dute gas isurketek klima aldaketan halako eragina dutela jakinda ere, Zubietako instalazioari Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzea.
Donostiako erraustegiak urtean 200.000 tona zabor erretzeko gaitasuna dauka eta 2020an Gipuzkoan 132.000 errefus sortu zen. Idatziak dioenez, TMBtik pasata, hainbat material berreskuratu eta hezetasuna kenduta, 100.000 tona baino gutxiagotan geratu ziren. Mugimenduak dioenez, datuok erakusten dute hasieratik bi labeetako bat soberan dagoela eta labeak lanean izateko hondakin industrialak erretzeko asmoa dutela agintariek.
@ErrausAurkMugi ren giza kateko aldarri nagusia Kontxaren erdigunean. pic.twitter.com/DnZOugQnUC
— noaua (@noaua) September 12, 2021